20:02etan egindako diskurtsoan jakinarazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konfinamenduak maiatzaren 11a arte iraunen duela Frantziako Estatuan. Beste hainbat neurri jakinarazi ditu, besteak beste, lehen eta bigarren mailako ikastetxeen irekitzea maiatzaren 11atik goiti. Konfinamendu garaian umeen artean diren inegalitateekin bukatzeko beharra eman du arrazoi gisa.
Maiatzaren 11a arte iraunen du gutxienez konfinamenduak Ipar Euskal Herrian eta orokorki, Frantziako Estatuan. Martxoaren 9az geroztik dagoen konfinamenduak emaitzak ekarri dituela zehazturik, izurriteari aurre egiteko oraindik horretan segitzeko beharra plazaratu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak apirilaren 13ko diskurtsoan. Konfinamenduaren behin betiko bukaera orokortua noiz izango den ez dakiela aitortu du: "Oraindik hainbat hilabetez bizi beharko gara birusarekin".
Maiatzaren 11atik goiti berriz irekiko dira haurtzaindegiak eta lehen eta bigarren mailako ikastetxeak. Umeen artean dauden inegalitateei aurre egiteko hartu du erabakia Frantziako Gobernuak –adibide gisa eman du ume guztiek ez dituztela gurasoen partetik jaso laguntza eta material numeriko berak–. Unibertsitateei dagokionez haatik, uda arte ez dira berriz irekiko.
Koronabirusaz babesteko materialei dagokionez, “akatsak eta eskasiak” egon direla aitortu du Frantziako presidenteak. Hala eta guztiz ere, ondoko asteetan eskaintza segurtatuko dutela jakinarazi du. Adibidez, maiatzaren 11atik goiti, herriko etxeekin elkarlanean, herritar orori maskara bat bideratzeko engaiamendua hartu du. Anartean, eskaintza bidertatuko dela ere erran du, manaketak eginak direlako eta Frantziako hainbat enpresa maskaren produkzioari bideratu dituztelako –ondoko egunetan bostez biderkatuko da maskaren ekoizpena Frantziako Estatuan–.
Testei dagokionez ere, ondoko egunetan, zaharrei, osasun arloko langileei eta ahulenei bideratuko dituzte lehentasunez eta dionaz, maiatzaren 11atik goiti, sintomak dituzten guztiei egiteko aukera izanen da. Izan ospitaleetan ala zahar etxeetan, bizi bukaeran diren gaixoentzat bisitak bideratzeko neurriak behar direla zehaztu badu ere, ez du inolako aterabide edo proposamenik zehaztu.
Jarraipen eta kontrol numerikoari buruz ere hitz egin du. Anonimoki eta pertsonaren baimenarekin egitea nahi du Macronek. Hori horrela, kontrol sozialaren bidea irekirik da eta maiatzaren 11a bitartean, gai horretaz gogoetatzeko eta erabakitzeko asanblada bat osatu nahi luke.
Kulturak itxoin beharko du. Hain zuzen, festibalik ez da izanen behintzat uztaila erditsura arte. Bestalde, zinema, museo eta kontzertu gelak ere ez dira maiatzaren 11an irekiko. Berdin tabernentzat zein jatetxeetzat.
Konfinamendua izan arren, ekonomiak aurrera egin izana eskertu du, horrela segitzeko nahia azpimarratuz. Zailtasunetan diren enpresei dagokionez, jada bidean diren laguntzek aurrera segituko dutela erran du, besteak beste, langabezia partzialak.
Bukaerako hitz gisa, geroari begira jarri da: "Berriz asmatu behar gara eta ni lehena". Jendarte proiektu berri bat asmatzeko beharra azpimarratu du, ondoko asteetan, eragileekin zeozer marrazten ahalegingo dela erranez.