Azaroaren 2ko gauean Austriako hiriburuaren erdialdean gertatu da erasoa. Erasotzaile bat hil du poliziak, eta Austriako Barne ministerioak jakitera eman duenez "Estatu Islamikoaren aldekoa" zen. "Eraso terroristatzat" jo du tiroketa Austriako Gobernuak.
Gutienez hamabost kolpatu eta lau lagun hil dira azaroaren 2ko gauean Austriako hiriburuan gertatu erasoan, tartean, erasotzaile bat "Estatu Islamikoaren aldekoa". Schwedenplatzeko sinagogaren eta operaren inguruan gertatu da atentatua.
Austriako gobernuburu Sebastian Kurtzek baieztatu egin du "eraso terrorista bat" izan dela eta "ongi prestatua" zegoela zehaztu ere du. "Une gogorrak" helduko direla azaldu du, eta "erabakitasun osoz" erantzungo dutela. Estatu Islamikoak Austrian burutu lehen atentatu handia da. Zehazki zenbat erasotzaile izan diren ez daki Austriako Gobernuak eta ikertzen ari da ea bakarra izan den ala gehiago ote diren –jakinik, sei gune ezberdin zituela atentatuak jomugan–.
Erasoa 20:00ak hurbil gertatu da azaroaren 2an, justu bigarren konfinamendua hasi aitzin. Gaur eskolak hetsiak dituzte eta herrialdeko mugak itxita daude.