Iruñeko alkate Enrique Mayak igandean hedabideen aurrean adierazi zuen atxiloketak egiten ari direla Kuria kalean izandako istiluen harira. Igandean hiru lagun atxilotu zituzten, udaltzain bati lesioak eragitea leporatuta. Astelehenean beste lau, desordena publikoa egotzita, Naizek jakinarazi duenez. Gainera, bosgarren pertsona bat deklaratzera deitu dute astelehen arratsalderako. Iruñeko Udalak oraindik ez ditu azken bi atxiloketak baieztatu.
Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu dituzte igandean, San Fermin prozesioan, Kuria kalean udaltzain bat kolpatu izana egotzita. Udaleko iturriek adierazi dutenez, agenteari sudurra hautsi zioten. Lehen atxilotuak 40 urte ditu eta Iruñerrikoa da; beste biei buruz ez dute informaziorik eman.
Bada, astelehenean beste lau pertsona atxilotu dituzte, oraingoan "desordena publikoa" egotzita, Naiz-ek jakin ahal izan duenez. Bosgarren lagun bat deklaratzera deitu du poliziak, astelehen arratsaldean. Iruñeko Udalak, aldiz, ohar batean atxilotu guztiei leporatu die "agentearen aurkako erasoa", eta ez soilik "desordena publikoa", Naiz-en esanetan. Ahotsa.info-k ere argitaratu du guztira zazpi izan daitezkeela atxilotuak. Iruñeko Udalak oraindik ez ditu baieztatu asteleheneko azken bi atxiloketa horiek.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Javier Goya udaltzainburuak agerraldia egin dute igandean polizia-operazioaren berri emateko. Atxilotu bakarra aipatu zuen prentsaurrean, eta autoritateen aurkako atentatua, lesio larriak eragitea eta desordena publikoak leporatu dizkiotela jakinarazi.
Mayak esan du erasoaren atzean talde antolatu bat zegoela, nahiz eta gero aitortu behar izan duen kazetari baten galderen harira, hori bere uste bat besterik ez dela. Mayak jakinarazi du Udaltzaingoa prozesioko irudiak berrikusten ari dela eta ez du baztertu atxiloketa gehiago egitea.
Iruñeko alkate eskuindarra saiatu zen EH Bildu gertakari horiekin lotzen, esanez Joseba Asironek protestan ari zirenak animatu zituela "UPN kanpora!" oihuekin eta barrez. EH Bilduk indarkeriaren erabilera deitoratu du eta zaurituei elkartasuna adierazi die.