argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez hamar migratzaile hil dira Andaluziako kostaldean, horietatik zazpi Atxondoko herritarren senideak
  • 28 pertsona migratzaile zioazen urperatutako ontzian, eta soilik hiru atzeman dituzte bizirik. Aurkitutako hamar hilotzen artetik zazpi, Atxondoko (Bizkaia) hiru herritarren senideak ziren. Atxondoko Harrera Herriak elkarretaratzea deitu du asteazkenean, gertakaria salatzeko.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko urriaren 18a
Itsasoratutako migratzaileen salbamendu-jaken pilaketa, Greziako kostaldean (Argazkia: Pablo Tosco/Oxfam Intermón)

Cadizera iristeko asmoa zuen ontzi bat urperatu zen ostegunean, Trafalgarreko lurmuturraren inguruetan. Itsas salbamenduaren informazioaren arabera, ostegun gaueko 21:00ak aldera jarri zen martxan salbamendu operatiboa, itsasontzi batek lurmuturretik 37 miliatara erdi urperatuta zegoen ontzi pneumatiko baten berri eman ostean. Helikoptero eta ontzi bana gerturatu ziren naufragioaren tokira, eta hiru pertsona erreskatatu zituzten. Horiek jakinarazitakoaren arabera, ontzian 28 pertsona zioazen. Horietako hamarren hilotzak aurkitu dituzte uretan, eta gainontzeko hamabostek desagertuta jarraitzen dute.

Migrazio politikek eragindako heriotzak sistematikoak direla jakinik ere, gertakari zehatz horren aurrean hitza hartu du Atxondoko Harrera Herriak, salaketa publikoa egiteko. Izan ere, jakinarazi dutenez, "trajedia honek gure herria bete-betean kolpatu" du. "Urperatutako patera horretan gure herritarrak diren Bilal, Soufiane eta Sadiken familiek zazpi pertsona galdu dituzte; bost lehengusu, emazte bat eta bost urteko semea", jakinarazi dute.

Gertakariaren aurrean mobilizaziora deitu du elkarteak, "Nahikoa da! Ez heriotza bat gehiago, ez bizitza bat gutxiago" aldarri. Asteazkenean, urriak 20, egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan Atxondoko plazan.