argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan
  • Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 19a
Urtero milaka migratzaile hiltzen dira Mediterraneoko uretan. Argazkia: UN News

Mediterraneoko uretan migrazio hondamendi berri bat izan da astelehenean, ekainaren 17an, eta hamaika pertsona hil eta 64 desagertu dira. Ontzietako bat Turkiatik zetorren, eta Italiako kostaldetik gertu hondoratu da, Calabriako (Italia) eskualdetik 120 miliatara, eta haurdun zegoen emakume bat hil da erreskate lanetan, iturri italiarren arabera. Bizirik atera direnek adierazi dute motorra hautsi zela eta su hartu zuela, ontzia hondoratu aurretik. Ontzi horretako hamabi pertsona erreskatatu ditu arrantza-ontzi frantziar batek eta gutxienez 64 pertsona inguru desagertu dira, horien artean 26 ume.

Beste ontzi batek ere arazoak izan ditu astelehenean Mediterraneoan. Hamar pertsona hilda aurkitu dituzte ontziaren sotoan, ontzia urez beteta zihoalako. Ontziko gainerako 51 pertsonak bizirik atera dira, Resqship gobernuzko kanpoko erakunde (GKE) alemaniarrak adierazi duenez.

Calabriatik gertu hondoratu zen ontzitik bizirik irten diren pertsonak Rocella Ionica-ko portura eraman dituzte. Shakilla Mohammadi, Mugarik Gabeko Medikuak GKEko kulturarteko bitartekariak, migratzaileek Turkiatik atera zirenetik jasan duten sufrimendua eta laguntzarik eza salatu ditu: “Afganistanetik zetozen familia batzuetako kide guztiak hil dira. Salbamendu-txalekorik gabe zihoazela esan ziguten eta eta ontzi batzuk ez ziren gelditu haiek laguntzera”. Izan ere, Mediterraneoko kostazainek ez dute ekarpen handirik egiten horrelako hondamendiak saihesteko, BBCk lortutako lekukotzek agerian utzi zutenez. Hondoratutako beste ontzitik bizirik irten diren 51 pertsonak Resqship GKEko Nadir ontziak salbatu eta Italiako Lampedusa uhartera eraman ditu.

 

Aurrekari latzak Mediterraneoan

Aurreko urtean Turkiatik ateratako beste ontzi bat Calabriako kostaldera iristeko zorian zegoela hondoratu zen, eta 94 pertsona hil ziren. Izan ere, Turkiako mafiek negozioa egiten dute errefuxiatuak engainatuz eta baldintza tamalgarrietan Europako kostaldeetara bidaiak ahalbidetuz, eldiario.es komunikabideak aztertutakoaren arabera. NBEren datuen arabera, 800 migratzaile baino gehiago hil edo desagertu dira urte honetan Mediterraneoan bakarrik. 30.000 migratzaile inguru hil dira Mediterraneoan 2014. urtetik, La Marea komunikabideak jaso zuenez.