argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez bi zauritu, Baionako meskitan jazotako erasoan
  • Gizon batek molotov koktela jaurti du gaur Baionako meskitara, eta tiroketari ekin. Balaz zauritu ditu bi pertsona, eta larri dago horietako bat. Frantziako Poliziak Landetan atxilotu du erasotzailea.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 28a
2015ean Baionako meskitaren kontra egin zituzten margoketa arrazistak

Lekukoen arabera, erasoa eguerdiko 14:30ak aldera jazo da Baionako Joseph Latxage kalean dagoen meskitan. Naiz-ek adierazi duenez, erasoari buruz jakitera emandako informazioa guztiz argia ez bada ere, badirudi gertakariek ondoko ordenari jarraitu diotela: erasoa burutu duen gizona autoz gerturatu da meskitara, atetik gertu aparkatuz; meskitara sartu da hurrena, eta lehergaia jaurti; ustez, ostean hasi da tiroka.

Bi pertsona zauritu ditu balaz: bat besoan jo du eta toraxean bestea, larriki zaurituz azken hau. Bi zaurituak Baionako Ospitalera eraman dituzte.

Frantziako Poliziak Landetan atxilotu du erasotzailea, Saint-Martin-de-Seignanx-en, bere etxeko atarian. 84 urte ditu, eta zenbait iturrik jakinarazi dutenez, militar ohia da. 2015ean, departamenduko bozetan, Fronte Nazionalaren hautagaia izan zen.

Honakoa ez da meskitak jasaten duen lehen erasoa. 2017an bi molotov koktel jaurti zituzten meskita barrura, eta 2015ean pintaketa arrazistak egin zizkioten, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoa jazo ostean.