argia.eus
INPRIMATU
927 adingaberi egindako sexu-abusuak aitortu ditu Espainiako Eliza Katolikoak pederastiaz egin duen lehen txostenean
  • Espainiako Eliza Katolikoak pederastiari buruzko egin duen lehen agiria da ‘Para dar luz’. Ostegunean Madrilen argitaratu dute eta bertan jaso dituzte 1940ko hamarkadatik aurrera Elizaren ierarkiako kideek ehunka adingaberi egindako sexu-abusuak. Pederastiaren aurkako elkarteek hainbatetan azpimarratu dutenez, icebergaren muturra baino ez da.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 02a
Francisco César García Magán, Espainiako Gotzainen Batzarreko idazkari nagusia. Argazkia Toledoko Artxidiozesia

Para dar luz (Argia emateko) txostena argitaratu du Espainiako Estatuko Gotzainen Biltzarrak Madrilen ostegunean. 1940ko hamarkadatik 2022 urte amaierara bitarte Eliza Katolikoak egindako hainbat sexu abusu jaso dituzte. Guztira, Elizaren kontaketaren arabera, 927 biktima eta 728 erasotzaile aitortu dituzte txostenean.

Eliza Katoilikoak berak zabaldutako datuen arabera, 728 kasuetatik 283 elizbarrutietako bulegoetan jaso ziren eta 445 kongregazioetako bulegoetan. 1990eko hamarkada aurretik izan ziren kasu gehien: %80. 2020tik aurrerako kasuak 34 dira.

Erasotzaileen %99 baino gehiago gizonezkoa da –emakumezkoak bost dira– eta erasoa jaso dutenen gehiengoa ere gizonak dira: %82,6. Abusatzaileen erdia baino gehiago apaizak dira.

Abusuak gertatu ziren eremuari dagokionez, %46,9 eskola inguruan jazo ziren, besteak beste, ikastetxeetan, institutuetan, jolastokian edo gimnasioan.

El Pais hedabidea izan zen lehena Eliza Katolikoko kideen sexu abusuen kontaketari ekin ziona. Haien lanketaren arabera, 966 kasu eta 1957 biktima egiaztatu ahal izan dituzte.