Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.
850.000 ume baino gehiagok desplazatuta jarraitzen dute Turkian eta Sirian lurrikaren ondorioz, Unicef-ek jakinarazi duenez. Duela hilabete hasi ziren lurrikarak Turkian, eta gutxienez 51.000 hildako eta 108.000 zauritu eragiteaz gain, milaka eraikin eraitsi zituzten. Ordutik, milioika dira beren etxeak utzi eta beste leku batzuetan ostatu hartu behar izan dutenak.
Turkian, 1,9 milioi pertsona baino gehiago dira aldi baterako aterpetxeetan ostatu hartu dutenak. Unicefek azaldu duenez, aterpetxe horietan ez dute oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik; besteak beste, ura, saneamendua eta osasun zerbitzuak falta zaizkie. Erakundeak azpimarratu du herrialdean 2,5 milioi umek laguntza humanitario "urgentea" behar dutela.
Siria, munduan barne-desplazatu gehien dituen herrialdea
Sirian, berriz, 500.000 pertsona baino gehiagok utzi behar izan dituzte beren etxeak azken hilabetean. Horri gehitu behar zaio herrialdean hondamendiaren aurretik desplazatutako pertsonak 6,8 milioi zirela, horietatik ia 3 milioi haurrak. Munduan barne-desplazatu gehien duen herrialdea da Siria. Adele Khodr Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko Unicefeko zuzendariak nabarmendu du lurrikaren aurretik Sirian zeuden behar humanitarioak "inoiz baino handiagoak" zirela.
Etxebizitzaren auzia, agerian
Turkian hainbeste eraikin behera erortzearen arrazoietako bat hirigintza merkearen auziarena da. Orain, gobernuak iragarri du 30.000 etxe eraikitzen hasi dela eta urtebeteren bueltan amaituta egongo direla. Hala ere, herritarrak ez dira asko fio Erdogan presidentearen promesez. Gainera, askok etxebizitzak alokatu behar izan dituzte beren etxeetatik alde egin ostean, eta ondorioz, alokairuen prezioak %45 igo dira zenbait hiritan, Istanbulgo TSKB etxe enpresak adierazi duenez.