argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 1.000 irakasle daude bajan Hego Euskal Herriko ikastetxeetan
  • Eusko Jaurlaritzak COVID-19ari lotutako neurri berriak jakinarazi ditu eskolen itzulerarako: ez dira kontaktu estutzat hartuko ikasgela bateko haurrak eta eskola kiroleko lehiaketak debekatu dituzte. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak zehaztu du gutxienez 800 irakasle daudela bajan. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du urtarrilaren 10ean 215 irakaslek aurkeztu dutela baja opor osteko lehen egunean, eta azken astean itxialdian dauden irakasleak guztira 437 dira.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 10a
Jolastokian ere maskara erabili beharko dute 6 urtetik gorako haurrek. / Argazkia: Hegoalde Ikastola.

Eguberrietako oporren ostean, berriz hasi dituzte eskolak Hego Euskal Herriko irakasle eta ikasleek, baina COVID-19aren aurkako neurri zorrotzagoekin. Eusko Jaurlaritzak helarazitako protokolo berriak dio berriro “burbuilak” antolatu beharko dituztela Haur eta Lehen Hezkuntzan. Hortaz, ezingo dira ikasgela desberdinetako haurrak nahastu jolastokian, eta uneoro musukoa jantzita izan beharko dute 6 urtetik gorako ikasleek.

Eskolaz kanpoko jardueretan ere ezingo dira zenbait ikasgelatako haurrak elkarrekin egon, eta eskola kirola soilik entrenamenduetara mugatu dute: debekatu egin dituzte lehiaketak urtarrilaren 28ra arte, gutxienez.

Bestalde, Espainiako Osasun Publikoko Batzordearen aholkuei jarraiki, Hego Euskal Herrian ez dute ikasgelarik itxiko gutxienez bost ikaslek edota ikasleen %20k positibo eman arte, zazpi eguneko tartean. Berria egunkariak zabaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeei Osakidetza mezu bat igortzen ari da, jakinarazteko ikasgela bereko haurrak ez direla kontaktu estutzat hartuko (osasun arrisku taldekoa denean izan ezik). Beraz, ikasleek ez dute itxialdirik egin beharko, txertatuta egon ala ez, eta Osakidetzak ez die probarik egingo. Halere, ikastetxeari “jarraipena” egingo diote.

Iaz baino lau aldiz baja gehiago

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak irakaskuntzako langileen bajen berri eman du: gutxienez 800 irakasle daude baimenarekin, iaz data hauetan baino lau aldiz gehiago (212 ziren). Sailburuaren arabera, irakasle horien ordezkoak jarri dituzte jada.