argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 70.000 manifestarik Pragako kaleak hartu dituzte energiaren garestitzearen eta Ukrainako gerraren aurka
  • Txekiako Errepublikako Gobernuaren aurkako manifestazioan hamarnaka mila lagun elkartu ziren irailaren 3an, alderdi eta ideologia ezberdinetakoak, baina mezu komun batzuekin: agintariei eskatu zieten Errusiaren aurkako zigorrak eteteko, Ukrainari armak emateari uzteko, eta Moskurekin gasaren gaineko akordio berri bat egiteko, besteak beste.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 05a
Pragako Wenceslao Plazan elkartu ziren 70.000 manifestari inguru.

Nazioarteko zenbait aditu eta komunikabidek aurreikusten dute irailaren 3ko protestak udazken honetan errepikatuko direla, txekiar gero eta gehiago ari baitira gobernuaren aurkako ahotsak altxatzen. Larunbatean 70.000 pertsona inguru bildu ziren Pragako Wenceslao Plaza entzutetsuan, “Txekiako Errepublika Lehenbizi” lelopean, eta Petr Fiala lehen ministroaren dimisioa eskatu zuten, The Guardian egunkariak jaso duenez.

Ukrainako gerraren eta NATOren aurkako mezuak nagusitu ziren, zenbait arrazoi tarteko. Izan ere, manifestazioaren deitzaileen artean eskuin muturreko alderdiak zeuden, baina baita alderdi komunista ere. Honelaxe azaltzen dute antolatzaileek webgunean: “Txekiako Errepublikaren egungo politikarekin ados ez dauden eta bide politikoa aldatu nahi duten herritar, elkarte eta alderdi guztiak deitzen ditugu”. “Txekiako Errepublika Lehenbizi” mugimenduaren esanetan, helburutzat dituzte bakea, herrialdearen egonkortasun ekonomikoa eta independentzia politikoa.

Besteren artean, Europar Batasunaren eta NATOren aurkako leloak erakutsi zituzten protestan, The Guardianek jakinarazi duenez. Manifestarien eskakizun nagusiak hauek dira: Txekiako Gobernuak Errusiaren aurkako zigorrak etetea, Ukrainari armak emateari uztea, eta Moskurekin gasaren gaineko akordio berri bat egitea. Halaber, agintariei eskatu diete argindarraren prezioa duela urte batekora jaisteko. Gobernuari ohartarazi diote irailaren 25a baino lehen hauteskunde berriak deitu ezean protesta eta greba gehiago antolatzen segiko dutela.