argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 63 migratzaile hil eta 100 desagertu dira Italiako kostaldean
  • 200 migratzaile inguru zihoazen itsasontzi bat hondoratu egin da igandean, arroken aurka jo ondoren. 63 gorpu erreskatatu dituzte.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 27a
Argazkia: Croce Rossa Italiana.

Gutxienez 60 pertsona hil dira gutxi gorabehera 200 migratzaile zihoazen itsasontzi bat hondoratu ondoren Italiako Calabria eskualdeko kostatik gertu, herrialdearen hegoaldean. 50 pertsona inguru erreskatatu dituzte eta horietatik 22 ospitaleratuta daude, erdiak adin txikikoak dira eta bat oso egoera larrian dago.

Ontzia orain dela lau egun abiatu zen Esmirnako portu turkiarretik. Erreskate zerbitzuen arabera, txalupa "erabat gainkargatuta" zihoan eta arroken aurka jotzean bitan zatitu zen. Salbamendu-zerbitzuek bizirik atera zirenen bila jarraitzen dute, eta lehen ikerketen arabera, migratzaileak Irangoak, Pakistangoak eta Afganistangoak dira.

Hildakoak gehiago izan daitezke

Vincenzo Voce Crotona Italia hegoaldeko hiriko alkateak adierazi duenez, "tragedia izugarria da hau, eta hildakoak askoz gehiago ote diren beldur naiz". Mugarik Gabeko Medikuak GKEko Sergio Di Dato misio-buruak mina adierazi du hondoratzearen aurrean: "Gizalegez onartezina eta ulertezina iruditzen zaigu saihestu zitezkeen tragediak ikustea".

Italiako lehen ministroak, Giorgia Melonik, legez kanpoko migrazioaren aurkako legeak gogortzeko hitza eman du, eta doluminak adierazi ditu "pertsonen trafikoak akabatu dituen giza bizitza asko" direla eta. Gainera, gogorarazi du bere gobernuak "horrelako tragediak saihesteko konpromisoa" duela. Migratzaileen jatorriko herrialdeei "erabateko lankidetza" eskatu die.