Iran Human Rights (IHR) elkarteak emandako datuen arabera, gutxienez 54 ziren larunbata bitartean Iranen eta Ekialdeko Kurdistanen Poliziak hildakoak, Jina Mahsa Aminiren hilketa salatzeko protestetan.
22 urteko Mahsa Amini kurduaren heriotzak Ekialdeko Kurdistanez gain, Iran ere astindu du. Ordutik ia egunero protestak antolatzen ari dira hiri eta herri ugaritan.
ANF berri agentzia kurduak jaso duenez, ehunka dira atxilotuak eta Poliziak bortizkeria handiz erantzun du, gutxienez 54 lagun hilez. Artikulu berean aipatzen da Gilan probintzian bakarrik, 739 pertsona atxilotu dituztela larunbata bitartean.
IHR-k nazioarteko komunitateari dei egin dio berriro ere: "Irandarrak 40 urtez Errepublika Islamikoak kendu dizkien eskubideak eskatzen ari dira. Egunotan, Errepublika Islamiarra tiroka erantzuten ari da protesta baketsuei".
Sare sozialetan zabaltzen ari diren bideoetan, alabaina, ikusten da protesta guztiak ere ez direla baketsuak, eta Moralaren Poliziaren aurka egiten dutela protestari ugarik. Amini atxilotu eta ustez hil zuen erakunde honetan auto ugari erre dituzte batean eta bestean.
Mahsa Amini 22 urteko emakume kurdua Teheranen atxilotu zuten hiyab-a "behar bezala jantzita ez eramateagatik". Komisaldegira eraman zuten eta handik ospitalera eraman zuten koma egoeran. Bertan hil zen. Gobernuak ukatu du torturen ondorioz hil izana eta bideo bat zabaldu du non ikusten den jendearen artean dagoela erortzen den lurrera. Familiak ordea ez du bertsio hori sinesten. Bere aitak azaldu du alabak ez zeukala inolako osasun arazorik, eta epilepsiaz eta beste gaixotasun batzuez mintzo direnak gezurrean ari direla. Areago, Aminiren anaiak adierazi du arrebaren aurpegia puzturik zegoela, eta hankak mailatuak zituela,