argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 51 pertsona hil dira Kanarietara heldu nahian itota
  • Marokotik irten ondoren migratzaileek zortzi egun eman dituzte itsasoan noraezean, larunbatean hondoratu arte.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 03a

Helena Maleno Walking Borders elkarteko sortzaileak eta giza eskubideen ekintzaileak salatu du gertatutakoa. Marokoko Tan Tan hiritik atera zen migratzaileen ontzia Kanarietara bidean, eta uztailaren 1ean hondoratu da. Gutxienez 51 pertsona migratzaile hil dira.

Hildakoen artean 11 emakumezko eta hiru haur daudela azaldu du Malenok Twitterren, eta bizirik atera diren lau pertsonak ospitalean daude.

“Heriotza mugan dago erreskaterako baliabide faltagatik eta bizitza defendatzeko herrialdeen lankidetza eskasagatik”, salatu du Malenok. "Azken asteetako hildakoen kopurua" ez dela handitzen utzi behar esan du, berriki Grezian, eta Kanarietan gertatutako hondoratzeak gogoan.