Adierazi dute "ezinezkoa" dela biktima guztiak zenbatzea. Erasoa jasan duten gehienek 10 eta 14 urte artean zituzten, eta erasotzaile ia guztiak gizonezkoak ziren; horien %70, apaizak.
1950etik 2022ra gutxienez 4.815 haurrek jasan dituzte abusuak Portugalgo Eliza katolikoan. Biktima gehienak 10 eta 14 urte artekoak dira, gizonezkoak erdia baino gehixeago, eta, ikerketaren arabera, erasoa jasaten gazteenak bi urte baino ez zituen. Erasotzaileak berriz, %96 gizonezkoak dira, eta horien %70 apaizak. Kasurik gehienak 1960 eta 1990 urteen bitartean gertatu ziren.
Batzorde independente batek astelehenean eman du ikerketaren berri. Pedro Strecht psikologo eta ikerketaren koordinatzaileak adierazi duenez, "izebergaren punta" baino ez da orain arte argitara emandakoa. Azaldu du "ezinezkoa" dela kasu guztiak zenbatzea, eta hemendik aurrera ere ikerketak aurrera jarraitu egin behar duela.
Hasteko, auzitegiei eskatu die krimenen preskripzioak 30 urtera arte luzatzeko. Izan ere, 25 testigantza baino ezin izan dituzte bidali Fiskaltzara, duela hogei urte baino gehiago gertatutako kasuak iraungita geratu direlako epailearen aurrean. Strechtek gaineratu du bortxatzaileen zerrenda bat ari direla prestatzen.
Jose Ornelas Leiria-Fatima gotzaina eta Portugalgo Gotzainen Batzarreko presidenteak adierazi du adierazpena egingo duela martxoaren 3an, biktimei "justizia" eskaintzeko.