argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 35 hildako Soleimaniren hiletan
  • Jenerala ehortzi aurreko hileta prozesioan jendea korrika hasi da, hildakoak eta zaurituak eraginez. AEBek urtarrilaren 3an hil zuten Soleimani jenerala, Ekialde Hurbila ataka berri batera bultzatuz.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 07a

Urtarrilaren 3an AEBek hil ostean, Soleimani jeneralari azken agurrak egin dizkiote azken egunotan. Igandetik jende andana bildu da hilkutxa igaro den inguruetan, eta astelehenean Teherango kaleak jendez lepo bete ziren; Kristina Berasain Tristan kazetariak Berrian adierazi duenez, “Ruhollah Khomeini errepublika islamikoaren sortzailearen heriotzatik ez zen horrelako irudirik ikusten”.

Teheran atzean utzita, Kermanen, bere jaioterrian, lur emango diote Soleimaniri asteartean. Ehorzketan aurretik hileta prozesioa abiatu da Kermaneko kaleetan, eta orduan jazo da ezbeharra: hainbat pertsonak korrikari eman diote, eta horrek hildakoak eta zaurituak eragin ditu. Irango hedabideek emandako datuei jarraiki, gutxienez 35 dira hildakoak, eta 40 zaurituak.

Irango Guardia Iraultzaileko Al Quds Indarren komandante zen Qassem Soleimani. AEBek Bagdadeko Nazioarteko Aireportuan hil zuten pasa den urtarrilaren 3an; Pentagonotik zabaldutako idatziak Soleimaniri eta berau buru zuten Quds Indarrei egozten zien "ehunka estatubatuar eta koalizioaren zerbitzuko kideak hiltzearen eta milaka lagunen zauritzearen erantzukizuna".

AEBen eta Iranen arteko harremana gogor tenkatu dute gertakariek. Ander Perez Zalak Berrian idatzitakoaren arabera, Irango Parlamentuak “indar terrorista” izendatu ditu AEBetako armada eta Pentagonoak, hilketa “gerrako operazio terrorista” dela iritzirik. Horrez gain, Alahyar Malekshahi parlamentuko batzorde juridikoaren buruzagiak Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzeko asmoa agertu du, AEBetako Gobernua eta Donald Trump presidentea salatzeko asmoz.

Soleimaniren hilketa Irango Kanpo ministro Mohamad Javad Zarifek erasoa "oso arriskutsua" dela adierazi zuen, "Soleimanik Estatu Islamikoaren, Nusra Frontearen eta Al Qaedaren aurka borrokatzen duen indarrik eraginkorrena zuzentzen zuelako". Egoera horrela, Irango lider goren Alí Jameneik "erantzun gogorra" emango dutela ohartarazi zuen.