argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik
  • Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 14a
Peltierrek 79 urte bete dituen egunean izan da protesta, irailaren 12an. (Argazkia: Democracy Now)

Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte, Leonard Peltier preso politiko indigena askatzeko eskatzeagatik Joe Bideni, Etxe Zuriaren aurrean. Peltierrek 79 urte bete dituen egunean izan da protesta, irailaren 12an.

Peltier duela 47 urte baino gehiago kartzeralatu zuten, 1975ean FBIko bi agente hiltzea egotzita. Ekintzaileen eta Poliziaren arteko protesta giroan tiroketa bat izan zen, eta FBIko agenteez gain ekintzaile bat ere hil zen bertan, nahiz eta ekintzailearen heriotza inoiz ez duten ikertu. Peltierrek beti ukatu izan du polizia haiek hil izana, nahiz eta epaiketan onartu zuen tiroketan parte hartu zuela bere burua defendatzeko.

Peltierrek bakarrik ez, nazioarteko hainbat erakundek ere haren errugabetasuna defendatu dute eta askatzeko eskatu, besteak beste, Amnistia Internazionalak. James Reynoldsek ere, Peltier espetxeratzen lagundu zuen fiskalak, Obamari presoa aske uzteko eskatu zion, ekintzailea kondenatu eta esptxeratu izana akatsa izan zela onartuta.

Peltier AEBetan eta mundu mailan kartzelan denbora gehien daraman preso politikoa da. Gaixorik dago: diabeteak jota, hipertentsioa du, burmuineko isuri batek eragindako itsutasun partziala eta aortako aneurisma bat.