24 ordu baino gutxiagoan bi atentatu jazo dira Errusiako Volgograd hirian. Atzo 17 pertsona hil zituzten eta gaur goizean gutxienez 15, handik 700 kilometrora egingo diren Neguko Joko Olinpiarretarako sei aste besterik falta ez direnean.
17 hildako eta 45 zauritu eragin zituen atzo eguerdian hiriko tren geltoki nagusian izandako atentatu suizidak.
Gaur goizeko 08:30ean ( Euskal Herriko 5:30ak) trolebus batean beste eztanda bat izan da eta gutxienez 15 lagun hil eta 23 pertsona zauritu direla jakinarazi du Errusiako Larrialdi Egoetarako Ministerioak.
Hiriko garraio publikoko trolebusa izan da gaur goizean eztandarazi dutena. Lehen datuen arabera bigarren erasoa ez du kamikaze batek eragin, hiriko erdialdera zuzentzen zen trolebus batean ipinitako bonba batek baizik –urrutiko kontrol bidez zartarazi dutena–, Errusiako Batzorde Antiterroristak jakinarazi duenez.
Otsailaren 7tik aurrera Errusiako Sochi hirian ospatzekoak diren Neguko Joko Olinpiarren atarian gertatu dira atentatuok. Sochitik 690 kilometrotara dago Volgograd hiria.