argia.eus
INPRIMATU
3.000 atxilotutik gora Frantziako Estatuko protestetan, Nahelen hilketatik astebetera
  • Poliziak Nahel hil zuenetik astebete igaro da, eta Frantziako Estatu osoan zehar zabaldu dira protestak. Gobernuak 45.000 polizia mobilizatu ditu, eta interneterako sarbidea mugatu du toki batzuetan.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 03a
Potestetako irudia Protestetako irudia

Manifestazioak Frantziako Estatu osoan zehar, istiluak, zaurituak eta gutxienez 3.000 atxilotu izan dira poliziak Nahel gaztea hil zuenetik astebete igaro denean.

Ostiral gaueko protestetan 1.300 lagun baino gehiago atxilotu eta 79 polizia zauritu zituztela azaldu du Barne Ministerioak. Dena dela, liskarrak aurreko gauetakoak baino apalagoak direla azpimarratu du, guztira 700 lagun baino gehiago atxilotu baitzituzten.

Macronen erantzuna

45.000 polizia bideratu ditu Emmanuel Macron presidenteak protestak apaldu eta “ordena errepublikarra mantentzera”. Protestetan garatzen ari den indarkeria “justifika ezina” dela azaldu du, eta gurasoei dei egin die haien semeak kontrolatzera. Antza, adingabe asko ari dira parte hartzen protestetan, ostiralean atxilotu zituzten 1.300 lagunetatik herenak adingabeak baitziren.

Uztailaren 3ko astelehenetik aurrera interneterako sarbidea ere mugatuko duela azaldu du poliziak ohar batean. Gertatzen denaren berri emateko aukera mugatzea da helburua, horrela informaziorako askatasuna murriztuz.

Macronek hainbat udaletxeetako alkateak deitu ditu bilera batera, neurri bateratuak adosteko asmoz. Bide batez, Alemaniara egin behar zuen bidaia atzeratu du “egoerak hala eskatuta”.

Polizia eta faxistak

Frantziako ultraeskuindar taldeek poliziaren jokabidea babestu dute, eta kaleetako liskarrak baretzeko irteerak antolatu dituzte hainbat hiri eta herritan barrena.