argia.eus
INPRIMATU
2.500 migratzaile erreskatatu dituzte asteburuan, Europara heldu nahian
  • 2.000 pertsona baino gehiago lagundu dituzte Itsaso Jonikoan eta Mediterraneoan, eta 400 baino gehiago Espainiako kostaldean.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 11
Lanzaroten erreskatatu duten hiru pateretako bateko migratzaileak. (Argazkia: EFE agentzia)

2.500 migratzaile inguru erreskatatu dituzte asteburuan, Europara iritsi nahian. Horietatik 2.000 baino gehiago Itsaso Jonikoan eta Mediterraneoan aurkitu dituzte, Italiako agintariek jakinarazi dutenez. Bestalde, 400 etorkin baino gehiago iritsi dira Espainiako kostaldera.

Italiari dagokionez, 974 lagun erreskatatu dituzte Lampedusa uhartean, zenbait txalupa txikitan zetozela. Adingabeak dira horietako asko. Horrez gain, 800 lagun Sirakusatik 193 kilometrora zegoen arrantza ontzi batean aurkitu dituzte, eta beste 400 Passero uhartearen inguruan.

Erreskatatutako migratzaileak iritsi aurretik, agintariek ohartarazi zuten ordurako migratzaileen Lampedusako zentroa gainezka zegoela, 400 pertsona ingururentzat diseinatuta badago ere, 1883 zeudelako bertan.

Espainiako kostaldean, astearte goizean 43 lagun erreskaratu dituzte Alikanten. Aurreko egunetan, berriz, 183 iritsi dira Andaluziara, 145 Lanzarotera, 50 inguru Murtziara eta 42 Balearretara, gutxienez.

Horrez gain, igandean bi migratzaileren gorpuak jaso zituzten Maltako kostaldean, Resqship Gobernuz Kanpoko Erakunde alemaniarrak jakinarazi duenez.