Ia hilabete da Mahsa Amini Irango Poliziak atxilotu ostean hil zela, eta herritarrak protestan daude ordudanik. Petrolio findegietan greban dira langileak, eta estatu mailako protestara deitu dute asteazken honetarako.
Irango Gobernuaren aurkako protestek 185 hildako utzi dituzte dagoeneko; horietatik hemeretzi adin txikikoak, Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez. Gobernuko iturriek gehitu dute segurtasun indarretako 20 lagun ere hil direla. Protesten hasieratik hilabete betetzear, manifestazio eta grebek ez dute etenik: hain zuzen ere, astelehenetik greban daude Abadango petrolio findegiko langileak –Ekialde Hurbileko zaharrena–. Asalouyehen ere izan dira geldialdiak, zenbait instalazio petrokimiko eta gas natural azpiegitura daude bertan. Asteazken eguerdirako ere protestarako deia zabaldu dute.
Irailaren 16tik ari dira protestan Iranen, egun horretan hil baitzen, poliziaren eskuetatik pasatu eta gero, Mahsa Amini gazte kurdua –Mahsa izenez ezagutu bada ere, bere izen kurdua Jina zen, Iranen izen kurduak jartzea debekatu baitute–. “Janzkera desegokia” egotzita atxilotu zuten, hijaba ez zuelako “egoki” jarria. Ordutik, estatuko gobernu klerikala eraisteko protestak ugaritu dira lurralde osoan, batez ere Irango Kurdistanen: bertako hirietan hasi ziren lehen menifestazioak, bertakoa baitzen Amini.
Manifestariek Aminiren heriotza ikertzeko aldarria plazaratu dute, baina hori ez da eskaera bakarra. Protestek erregimenaren aurkako kutsua hartu dute, eta aldarri feministak plazaratu dituzte: horien artean, beren politika “feminizidak” bertan behera uztea.
Energiaren sektorean gertatzen ari diren grebak izan daitezke, nazioarteko adituen ustetan, gobernuaren aurkako armarik garrantzitsuenetako bat. Azpimarratu dute 2022ko protestak mugarri izan daitezkeela 1979an ezarritako Errepublika Islamiarrean. Hala ere, ez dira herrialdeko historiako jendetsuenak, ezta eragin handiena izan dutenak ere: 2009ko protestek, presidentetzarako hauteskundeen ustezko iruzurraren ondorioz sortutakoek, milaka lagun batu zituzten eta Udaberri Pertsiarra gisa izendatu zituzten.
Teheran hiruburuan hasitako gatazkak herrialde osoa gurutzatu du, baita bere mugak ere. Munduan zehar milaka emakumeren irudiak zabaldu dira hijaba kentzen edota ilea mozten, Irango erregimenaren legeen aurkako protesten sinbolo moduan. “Jin, jiyan, azadi” (“Emakumeak, bizitza, askatasuna”) lelopean egiten dituzte bideo horiek.
Mundu mailako zenbait artista eta pertsonai famatuk ere bat egin dute bideo horiekin, eta ugariak dira beren burua grabatu dutenak hiru hitzok esaten edo ilea mozten. Euskal Herrian, kasurako, zorrotz.eus plataformak zenbait artista bildu ditu, Iranen erabiltzen duten lelo bera errepikatuz. Horien artean izan dira, besteak beste: Itziar Ituño, Uxue Alberdi eta Idurre Eskisabel.