argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 1.838 migratzaile hil dira Mediterraneoan 2021ean, 2020an baino 390 gehiago
  • Batez beste egunean bost pertsona hil edo desagertu dira itsasoan, 2020an baino %20 gehiago, Euro-Mediterraneoko Giza Eskubideen Monitorea GKEak kaleratutako txostenaren arabera. Europar Batasuneko politika gero eta zorrotzagoei egotzi dio heriotzak areagotzearen errua.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 11
Uztailan gutxienez 311 pertsona hil ziren Mediterraneoa igaro nahian. / Argazkia: Faciam.org.

Mediterraneo itsasoan egunean gutxienez bost lagun hil dira batez beste 2021an. Euro-Mediterraneoko Giza Eskubideen Monitorea GKEak hildako migratzaileen zifra zehaztu du txosten batean: 1.838 heriotza zenbatu dituzte, 2020an baino 390 gehiago (1.448 izan ziren).

Michela Pugliese migrazioari buruzko ikertzaileak azpimarratu du erantzukizuna Europar Batasunak (EB): “Europak gero eta neurri zorrotzagoak ezartzen ditu eta, ondorioz, izugarri hazi da migratzaileen eta asilo eskatzaileen kopurua. Pertsona horiek hiltzen uzten dituzte, arreta fokutik urrun”. Salatu du Europako agintariak “lanpetuta” daudela ekintzaileak eta GKEak neurrigabeko isunekin estutzen, horrela eragozteko migratzaileei beharrezko laguntza eman ahal izatea.

Irailan erregistratu zituzten migratzaileen iritsiera gehien Europako kostan: 16.000 pertsonak lortu zuten Mediterraneoa igarotzea. Bi hilabete lehenago, uztailan, gutxienez 311 hil edo desagertu ziren itsasoan; batez beste egunean hamar lagun baino gehiago.

Arriskura itzularazi

Bestalde, dokumentuan kritikatu dute batzuetan hautsi egiten direla EBko 1951ko errefuxiatuen egoerari buruzko hitzarmena eta giza eskubideei lotutako legeak: “Europako estatuek Migratzaileak eta asilo eskatzaileak indarrez itzularazten dituzte beren herrialdeetara, egoera arriskutsuetara eta gizagabeko baldintzetara bultzatuz”. EBk Libiarekin duen akordioa aipatu dute, zeinak erraztu egin baitu migratzaileak Libiara itzularaztea; UNICEFen datuen arabera, 31.500 pertsona Libiara bueltatuarazi zituzten 2021eko abenduaren 23ra arte, aurreko urtean baino hiru bider lagun gehiago.