argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 1.717 lagun hil ziren iaz, Espainia eta Europako migrazio politikaren ondorioz
  • Iaz 1.717 pertsona hil ziren, Espainiako Estatuko lurretan sartu nahian, inoiz erregistratu den kopururik handiena. Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak dituzten “migrazio politika kriminalak” dira heriotza horien erantzule, giza eskubideen aldeko Andaluziako elkartearen esanetan. Espainiako koalizio gobernuaren akordioan egoera aldatzeko borondatea agertu zuten arren, ez dutela ezer egin salatu du elkarteak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 23a

Ohiko dinamika errepikatzen dela kritikatu du giza eskubideen aldeko elkarteak: orain Kanariar Uharteetara migratzaile ugari iristen ari dira “eta Gobernuaren erantzuna errepresioa izaten ari da: milaka lagun baldintza tamalgarrietan itxita, giza eskubideak errespetatuko diren bermerik gabe; milaka lagun kale gorrian lotan, laguntza legalik gabe, gurasoak seme-alabengandik bananduta…”. Berriki, Malitik pateran Kanariar Uharteetara bidaiatu duen 2 urteko neskato bat hil da.

Gobernu berriak, lehengo lepotik burua

Elkarteko kideek kritikatu dute Alderdi Popularraren errepresio bera errepikatzen ari dela PSOE-Podemos koalizio gobernupean. “Gai honekiko sentiberagoak ziruditen, baina migratzaileei bide legal eta ziurrak bermatzeko proiektuak baztertu ditu, nahiz eta hasierako gobernu-akordioan agertzen ziren. Gaur egungo legediarekin, lortzen duten gauza bakarra da pertsonekin trafikatzen duten mafiak areagotzea”, salatu dute El Salton.

Baliabideak, kanporatzera bideratuak

Baliabideak bideratu ordez migratzaileen harrerara edo bidaia modu seguruan egin dezaten, migrazio politikarako diren baliabide guztiek pertsonen sarrera mugatzea edo pertsona horiek kanporatzea dute helburu, elkarteak gogoratu duenez. Baliabide horien artean aipatu dituzte Kanpo Bijilantziarako Sistema Integratua, migratzaileen espetxe modukoak bihurtu diren CIEak, Andaluziako kostaldean dauden harresiak, edota mugak zaintzera eta patera eta itsasontziak kontrolatzera dedikatzen den Frontex agentzia.