Astelehen benetan iluna gertatu da maiatzaren 14a Palestinako Gazan. AEBetako enbaxada Jerusalemera lekualdatzearen aurkako protesten kontra tirokatu du Israelgo Armadak, gutxienez 58 hildako eta 1.500 zauritu eraginez. Zenbakiak etengabe doaz gora.
Gazan astelehenean soldadu israeldarrek hildako jendeen kopuruak eten gabe ari dira igotzen. Ilunabarrerako 55 gutxienez baziren hildako palestindarrak, horietatik batzuk 16 urte gabeko gaztetxoak:
Israelgo estatua sortu zela 70 urte betetzen dira gaur, eta urteurrenarekin bat eginez inauguratuko dute Israelgo AEBen enbaxada berria, Tel Aviv-en zeukatena Jesuralemera lekualdatuz. Aldaketaren kontra protestan atera dira milaka palestinar, eta Israelgo Armadak hauen kontra egin du hegoaldeko Jan Yunis herrian. Minutuz minutu doaz handituz Israelgo armadak manifestari palestinarren artean hil dituenen kopuruak.
Martxoaren 30ean palestinar errefuxiatuen etxera itzultzeko eskubidea aldarrikatzen duen Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik Israelek hildako palestinarren kopurua gorako joan bada, gaurko egunak nabarmenki puztuko du zifra. Israelek esan du muga babesteko egin dutela tiro, eta Armadak paskinak ere jaurti ditu palestinarrei mugara ez hurbiltzeko ohartaraziz eta segurtasuna arriskuan jartzen duen edonorren kontra egingo dutela adieraziz. Israelgo Hezkuntza ministro Naftali Bennett-ek adierazi du mugara gerturatzen den edozein terroristatzat joko dutela.
Gertakizun larriok ez dute aldarazi Washingtongo agintarien plana eta agindu bezala gauzat dira beren enbaxada Jerusalemen irekitzeko protokolozko ekitaldiak, bertan zela Donald Trump lehendakariaren aholkulari eta suhi Jared Kushner:
Egunean zehar militar israeldarrek zauritutakoen artean gutxienez bat kazetaria da, prentsakoa dela jazkietan nabarmen markatuta zeraman Aljazeeerako Wael Dahdouh:
Hildakoez gain egunean zehar zaurituak ere bi mila badirelarik –horietatik 900 zuzenean bala edo bestelako munizioz–, erakunde humanitarioek ohartarazi dute Gazako osasun sistema lehendik ahulduak horiek artatzeko dauzkan arazoez, tartean Amnesty Internationalek: