argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak
  • Bangladesheko rohingya kanpaleku bateko suteak gutxienez 15 hildako eta 560 zauritu utzi ditu, eta baita 400 desagertu ere. Sugarrek eremu zabala suntsitu dute eta 45.000 pertsona etxerik gabe geratu dira.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 25
Argazkia: Shafiqur Rahman

Bangladesheko hego-ekialdeko rohingya kanpaleku bat kiskali duen sute batean gutxienez 15 hildako eta beste milaka kaltetu izan dira. Astelehen arratsaldean hasi eta asteartera arte ezin izan zuten sutea itzali. ACNUR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzaren arabera, 400 pertsona desagertu, 560 zauritu eta 45.000 desplazatu daude.

Suteak 10.000 aterpe baino gehiago suntsitu ditu. Izan ere, egurrezko, banbuzko eta plastikozko etxola hauskorrak dira, instalazio urriekin. Horrez gain, ospitale bat, gobernuz kanpoko erakundeen zentroak eta kanpalekutik gertu zeuden etxebizitzak ere erre ditu.

Ez dago argi zerk eragin duen sutea, baina ez da rohingya errefuxiatuek pairatzen duten lehena. Joan den urtarrilaren erdialdean, sute batek 3.500 rohingya etxerik gabe utzi zituen, sugarrek 500 etxola baino gehiago erraustu ostean. Eragindako suteak izan daitezkeela pentsatzen dute hainbatek.

Gainera, Bangladeshen polemikak bere horretan jarraitzen du, herrialdeko agintariek Bhasan Char uhartean 100.000 rohingya birkokatzeko saiakera egin zutelako, kanpalekuak arintze aldera. Prozesu hori joan den abenduan hasi zen, lehen 3.500 errefuxiatuak bidalita, eta dagoeneko 12.400 dira.

738.000 rohingya inguru iritsi ziren Bangladeshko hego-ekialdeko kanpalekuetara, 2017ko abuztuan Birmaniako (Myanmar) armadak jazarpen- eta indarkeria-kanpaina hasi ostean. NBEk garbiketa etniko eta balizko genozidiotzat jo zuen gertatutakoa, eta nazioarteko gorteak ikertzen ari dira.