2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau aurreko urtekoa baino %58 handiagoa da, erakundeak orain arte jasotako daturik altuena. 2024an hildako gehienek Kanariar Uharteetarako bidean galdu zuten bizia.
Iaztik ia bikoiztu egin da Espainiako Estatuko kostaldera iristeko saiakeran bizia galdu dutenen kopurua. Gehienak Kanariar Uharteetarako bidean hil dira, 9.757 heriotza erregistratu dira hor, hau da, guztizkoaren %93. Caminando Fronterasek ibilbide hori "mundu mailan hilgarriena" dela nabarmendu du. Aljeriako ibilbidean 517 lagun hil dira, Gibraltarko itsasartean 110 eta Alborango itsasoan 72.
2024an bizia galdu duten migranteen artean, 1.538 haur eta 421 emakume izan dira. Horrez gain, erakundeak jakinarazi du jendez beteriko 131 ontzi desagertu zirela, arrastorik utzi gabe.
Caminando Fronterasek jaso duen informazioaren arabera, guztira 26 herrialdetako pertsonak hil dira Espainiako Estatura iristeko ahaleginean, gehienak Afrika ipar-mendebaldekoak. Mauritaniatik Kanariar Uharteetara egindako irteerek gorakada izan dutela informatu du erakundeak. Heriotzak hilabeteka aztertuz gero, apirila izan zen larriena (1.284 biktima), ondoren maiatza (1.103), eta hirugarren otsaila (1.093).
Guztira 583 etorkin iritsi dira azken 24 orduetan Kanariar Uharteetara, tartean 15 adin txikiko, El País-ek informatu duenaren arabera. Eguberri egunean, ia 400 migratzaile iritsi ziren zazpi kaiukotan, eta ostegun goizaldean, berriz, beste hiru ontzi aurkitu eta erreskatatu dituzte Tenerifen eta Hierron.