argia.eus
INPRIMATU
12 lagun hil dituzte ‘Charlie Hebdo’ aldizkari satiriko frantziarraren aurkako erasoan
  • Asteazken goizean bi pertsona armatu Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantziarraren egoitzan sartu eta 12 lagun hil dituzte.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 07a
Hainbat lagun hil dira aldizkariaren kontrako erasoan (argazkia: AFP).

Beste hiru pertsona larri zauritu dituzte erasoan. Gertu dagoen eraikin batean lan egiten duen Vincent Justin kazetariak kontatu duenaren arabera, 11:00etan beltzez jantzitako bi pertsona Kalaxnikov fusilekin sartu dira Charlie Hebdoren egoitzan.

"Profeta mendekatzera goaz" oihukatu dute, iturri horren arabera, atentatuaren egileek. Aldizkariak Mahomaz irri egiten zuten marrazkiak argitaratu izan dituela seinalatu dute zenbait hedabidek.

Asteazkenetan egiten dute aldizkariko bilera nagusia. Hori dela-eta, hedabide horretako figura nagusiak eraikinean ziren atentatuaren unean. Zuzendaria hil dute, baita Charb, Cabu, Tignous eta Wolinski marrazkilariak ere, beste zenbaiten artean.

Frantziako Barne ministroaren arabera, hiru pertsona egon litezke inplikatuta. Erasoaren ondoren, ihes egin dute. Sare sozialetan zabaldu diren irudien arabera, ihesean zihoazela poliziaren auto bat tirokatu eta agente bat hil dute.

Zenbait ordu geroago, erasotzaileek erabili duten autoa Parisko XIX. barrutian aurkitu dute, aurreko kristala apurtuta eta istripua eduki izanaren itxurarekin. France 2ko kazetari baten arabera, beste auto bat lapurtuta jarraitu dute ihesaldia. 

Iturri polizial batek Le Monderi azaldu dionez, 3.000 polizia agente mobilizatu dituzte Parisen. "Maila goreneko alerta egoera" ezarri du Frantziako Gobernuak, Jack Moore kazetariaren arabera.

Erreakzioak

François Hollande Frantziako presidenteak ekintza terroristatzat jo du aldizkariaren kontrako erasoa. 20:00etan telebista bidez adierazpena iragarri du Eliseoak.

Erreakzio ugari eragin ditu Frantziako komunitate musulmanean ere: Kultu Musulmanaren Kontseilu Frantziarrak ohar bat argitaratu du. "Demokraziaren eta prentsa askatasunaren" aurkako erasotzat jo du eta islama baliatzen duten talde terroristen kontra agertu da.

Atentatua gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute Baionako Herriko Etxean 18:30ean, Kazetak argitaratu duenez.

Erasoa iruditan

France TV Infok zabaldu ditu erasoaren lehenbiziko irudiak.

Le Monde egunkaria zuzenean ari da ematen erasoaren berri.