argia.eus
INPRIMATU
Hildakoen kopuruak 21.500 gainditu du eta kudeaketarekiko haserrea hazten doa
  • Ostegun eguerdirako 21.500 dira hildakoak Mesopotamiako lurretako historia modernoan izandako lurrikara gogorrenaren eraginez. Mundu osoko herrialde ugari erreskatean laguntzeko taldeak bidaltzen ari dira. Erdoganek esan du eremu kaltetuak ikustera joango dela, bere aurkako giroa sortzen ari den bitartean Turkian. Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du hildakoak 20.000ra iritsi daitezkeela hurrengo egunetan.

Irati Irazusta Jauregi Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko otsailaren 06a
Kahramanmaras hirian bizirik dauden herritarren bila jarraitzen dute, hondakinen azpian.

Ostegun eguerdiko zenbaketen arabera, 21.500 pertsonatik gora hil eta milaka zauritu dira Turkian, Sirian eta Kurdistanen, Al Jazeeran irakur daitekeenez.

Turkian gobernua egiten ari den kudeaketa haserrea eragiten ari da. Gaziantep hiriko herritarrek salatu dute lurrikara gertatu eta 12 ordutara, oraindik ez zela erreskate talderik iritsi bertara, laguntzera. Erdoganek telebistatik mehatxu egin die: "Eguna heltzen denean, gordetzen ari garen liburua irekiko dugu, kaos soziala eragiten saiatzen ari diren horiek identifikatu eta beharrezko erabakiak hartzeko. Gure fiskalak prest daude azkar mugitzeko".

Eragile kurduek salatu dute Turkiako gobernua ez dela erreskate talderik bidaltzen ari eta beraiek antolatu behar izan dutela autosalbamentua.

Emakume bat Gaziantep hirian, erreskate lanen inguruan negarrez. Cagla Gurdogan/ Reuters

Osasunaren Mundu Erakundeak hildakoak 20.000ra iritsi daitezkeela adierazi du. “Zoritxarrez gauza bera ikusten dugu lurrikara guztietan. Hildako edo zauritutako pertsonen hasierako kopuruak nabarmen egingo du gora aste honetan”, azaldu du Catherine Smallwood OMEko Europako larrialdietako arduradunak.

Erreskaterako une kritikoak

Arreta orain zaurituen eta eraikinen azpian daudenen erreskatean dago jarrita. Hondamendi egoeretan lehenbiziko egunak erabakigarriak dira bizitzak salbatzeko, eta larritasun hori handitu besterik ez du egiten lurrikarak eragin duen eremu osoan egiten duen hotz handiak. Herritarren aldetik mezu kritikoak zabaltzen ari dira zenbait zonaldetan, erreskate lanak geldoegiak direla iritzita.

Kurdistanen ere egoera oso larria da. Berria-k HDP Herrien Alderdi Demokratikoa alderdiko presidentekide Mithat Sancar elkarrizketatu du. “Herrialdearen historiako hondamendi sismikorik larriena da hau. Astelehen goizaldean izandako lurrikarak eta handik ordu gutxira gertatutako bigarrenak eremu zabal bati eragin diote: zuzenean kalte egin die gutxienez hamar hiriri, dozenaka probintziari eta ehunka herrixkari. Hondamena izugarria da. Gainera, eguraldi oso gogorra dago: elurra dago leku askotan, eta hotz handia egiten du. Asko etxean zeuden lurrikara gertatu denean, eta horregatik izan dira hainbeste hildako eta zauritu. Milaka dira hildakoak, eta askoz gehiago zaurituak, eta, tamalez, gehiago izango dira orduak pasatu ahala”.

Intentsitate handiko lurrikarak

Lehen lurrikara Euskal Herrian asteleheneko 02:17ak zirenean gertatu da. 7,8 gradukoa izan da, eta Gaziantep hirian (Turkia) izan du epizentroa, zazpi kilometroko sakoneran. Ondoren, hainbat erreplika izan ditu.  Azken 25 urteetako astindurik gogorrena izan da, agintariek adierazi dutenez. Bigarren lurrikara bat ere izan da, 7,5 gradukoa, Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak eta Kandilli Behatokia eta Lurrikarak Ikertzeko Institutuak jakinarazi dutenez. Euskal Herriko asteleheneko 11:24ean gertatu da, Turkiako Kahramanmaras probintzian.

Goizaldeko lurrikara azken 100 urteetako gogorrena izan da, 1939an Erzincan hirian gertatu zenaren ondotik. Orduan, 32.000 hildako baino gehiago izan ziren.