Europako elite ekonomikoarentzat Lanbide arteko Gutxieneko Soldata beti izan da traba bat enplegua eurek nahi luketen baldintzatan sortzeko. Azken gezia Espainiako Bankuak bota du: gutxieneko soldataren langa igotzeak kalte egiten omen du enplegua sortzeko. Baina benetan horrela al da?
1.047 euro. Hori da 2023 urterako Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) Espainiako Gobernuak jarri nahi dion langa –gaur egun 950 euro dira–. Aurreikuspen horrek milaka euskal herritarri eragingo dio, Bidasoaren hegoaldeko gobernu autonomikoek ez baitute eskumen horren arrastorik ukan oraingoz.
Gutxieneko soldata aspaldi zabaldu zen Europako hainbat herrialdetan, langileei oinarrizko diru-sarrera bat bermatzeko. Adibidez, Frantziako Estatuan –Ipar Euskal Herria barne– 1.554 eurokoa da langa hori, batez besteko soldatatik gertuago. Baina europar elite ekonomikoarentzat gutxieneko hori beti izan da traba bat enplegua eurek nahi luketen baldintzatan sortzeko.
"Espainiako Bankuaren mezua argia da: ez okurritu berriro igotzea! Eta badakigu zein pentsutik jaten duen finantza-erakunde goren horrek"
Espainiako Gobernuak iragarpena egin bezain pronto, finantzaren arloan gurean ere aginte makila duen Espainiako Bankuak txostena kaleratu du, 2019an LGSren igoerak enpleguari egindako ustezko aberia nabarmenduz. Elitearen hedabide espainiarrek haizatu dute kontua: bateko “100.000 lanpostu” kendu dituela neurri horrek; besteko benetan 174.000 izan direla galdutakoak; adineko eta gazteak enplegu gabe gelditu direla…
Txostenak “ebidentzia” bati egin dio azpimarra: LGS igotzeak kalte egiten omen dio enpleguaren sorrerari. Baina biztanleria aktiboaren inkestak justu kontrakoa dio, LGS igo zen urtean, zientoka milaka lagun gehiago hasi baitzen lanean.
Espainiako Bankuaren mezua argia da ordea: ez okurritu berriro igotzea! Eta badakigu zein pentsutik jaten duen finantza-erakunde goren horrek, izan banku pribatu nola enpresa handi. Deitu iezaiozue presioa, mehatxua edo xantaia nahi bada. Zer espero behar genuke gobernuko mandatarien partetik horren aurrean? Geriza eskaini dieten sindikatu eta alderdiak azti ibili behar lukete, gutxienez, LGS pixkanaka igotzeko egindako promesa ez dezan haizeak eraman.