Igoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako "errealitate sozioekonomikoan oinarrituta" egiteko eskatu dute. Akordioak dioenez, lurralde horietako 50.000 langile baino gehiagori egingo lioke mesede akordioak.
Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) igotzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Podemos-IUk, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako "errealitate sozioekonomikoan oinarrituta". 1.000 eurotik 1.080 eurora igo dute 2023an Espainiako estatuko gutxieneko soldata, baina EAEn igoera handiagoa izan beharko litzatekeela uste dute.
Legebiltzarrean eginiko akordioak adierazi du EAEko 50.000 langile baino gehiagori egingo liekeela mesede igoerak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "jarrera proaktiboa" izaten jarrai dezala. Sindikatuek eta patronalak adostutako gutxieneko soldata proposatu du, "betiere negoziazio kolektiboa errespetatuz". Akordioan ez dute zenbatekorik zehaztu.
EH Bilduk astelehenean mozioa aurkeztu zuen, proposatuz gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuen lurralde horietan "oso motz" geratzen direla Espainiako Gobernuak proposatutako 1.080 euroak, behar dena baino %20 gutxiago delako. Legebiltzarkideak azaldu duenez, Europako Karta Sozialaren arabera, gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60ra iritsi behar du, eta irizpide horretatik abiatuta proposatu du 1.400 euroko zenbatekoa. Gehitu du EAEn batez besteko soldata Espainian baino %20 altuagoa dela, bizitzaren kostua ere %20 altuagoa delako.