argia.eus
INPRIMATU
Gutxieneko diru-sarrerak eta erregeen soldatak
  • Covid-19aren krisiak agerian utzi ditu herrialde bakoitzeko pobrezia maila eta bazterketa sozialaren poltsak. Espainiako Estatuan baina, familia batek, Borboiek, beste milioika herritarrek urte batean, bitan edo hirutan kobratzen dutena jasotzen du diru-kutxa publikoetatik.

Juan Mari Arregi 2020ko uztailaren 16a
Espainiako errege-erreginak Covid-19aren biktimen aldeko omenaldi batean, Madrilen (arg: Errege Etxea)

Pandemiak agerian utzi ditu Espainiako Estatuan –baita Euskal Herrian ere–, pobrezia eta bazterketa sozialaren poltsak, langabezia, prekarietatea, zaharren egoitzen abandonua, osasun arloko murrizketak... Garbi dago honek guztiak ondorioak ekarriko dituela, enpresen itxierak eta milaka enplegu galtzea, besteak beste. Administrazioek eta gobernuek helburuak lehenetsi beharko dituzte baliabide ekonomikoak banatzeko.

Testuinguru horretan, gogora ditzagun erabat ezabatu edo murriztu beharreko gastuak: armada, inbertsio militarra, alderdi politikoen gehiegizko dietak, AHT bezalako lan antisozialak, baita Espainiako monarkia ere. Azkeneko honen gastuei erreparatuko diegu, euskaldunok ere eusten baitiegu gure zergekin borboien demasiei.

Urtean 8 milioi euro dira Espainiako Errege Etxera bideratutakoak. Soldatetan, errege-familiak 679.559 euro jasotzen du. Felipe VI.ak urtean 242.769 euro irabazten du, hau da, 19.517 euro hilean. Bere emazte Letiziak beste 133.530 euro. Juan Carlos I.ak 194.000 euro jasotzen zituen oraintsu arte –martxoan Suitzako bere barrabaskeriak ezagutu ziren arte– eta Sofiak 109.260 euro. Zarzuelan, gainera, 2.000 pertsona inguruk egiten dute lan monarkiaren zerbitzura: 300 inguruk bere bulegoetan eta beste 1.500 pertsonak errege guardiako kide gisa. Guardia hori urtean beste 7 milioi euro kostatzen zaigu.

Familia bakar bati dirutza hori ematen dioten bitartean, nahiz eta oso errege izan, milioika pertsona bizi dira gutxieneko soldatarekin (950 euro), alarguntasun-pentsio eskasekin (639,50 euro), DSBE laguntzarekin (680 euro), edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarekin (562 euro); eta beste dozenaka mila ikusezinak dira, ez baitute ezer jasotzen. Erregeak zergatik kobratu behar du hilero, milioika herritarrek urte batean, bitan edo hirutan kobratzen ez dutena? Eta zertara datoz 1.500 guardia horiek? Lotsagarria da. Baina are lotsagarriagoa politikariek hori onartzea.