argia.eus
INPRIMATU
Gutxiagotasun-konplexua

Endika Biota PiƱeiro @BiotaEndika 2020ko abuztuaren 31

Ruper Ordorikak zera kantatu zuen: “inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den”. Ez dakit nekeza bezain zaila den, euskaldunok konplexutasunarekin harreman estua baitaukagu. Gure musika, gure ohiturak, gure hizkuntza, gure geografia eta gure soziologia, sarritan, korapilatsuak dira.

Burura etorri zitzaidan lehenengo adibidea alboka izan zen. Euskal Herrian soilik jotzen den haize instrumentu tradizionala. Soinua ateratzeko arnasketa zirkularra erabili behar, etengabe putz egin atzamarrekin melodiak sortzen diren bitartean. Halaber, gure kulturaren lekuko diren bertsolariek segundo-milarena gutxitan istorioak eta hitz-joko xelebreak asmatu behar dituzte. Autoa gidatzen duzun bitartean motorra konpondu behar bazenu bezala. Bertso politenak soilik, sakonenak, barregarrienak eta hunkigarrienak txapela irabaziko dute.

"Hiru milioi eta koska biztanleko herria, arrazoiak bilatzen eta plazaratzen etengabe dabilena mundu globalizatu honetan tartetxo duin bat irabazteko asmoz. Politika arloan, eskubide linguistikoen arloan edo kultura arloan, besteak beste"

Egungo adibideez aparte, historian zehar bizitzaren alde basatian ibili izan gara. Mariñel euskaldunak baleak ehizatzen famatuak ziren. Zein eta animaliarik handiena eta arriskutsuena arrantzatzera eraman zituen goseak, beharrak eta bizitza konplikatzeko zeukaten senak. Lehorrean gauzak ez ziren oso diferente. Mokoa meategietan sartzeko ohitura garatu genuen, zizelaz, mailuaz eta kirrixkiletaz baliaturik minerala ateratzeko nahian.

Euskaldunon historia konplexutasunarekin lotuta dagoen era berean, gure hizkuntza zailtasunaz mintzo izan da. Euskara genetikoki isolaturik dago, berarekin jatorria partekatzen duen hizkuntzarik ez da ezagutzen. Hala ere, zaharra bezain aldakorra dugu, non esamoldeak, hitzen esanahiak eta ortografia arauak urtero aldatzen diren. Bizi-bizirik den seinale. Duela hogei urte, adibidez, ilargia hatxez idazten zen. Bestalde, gure morfologiak nahiko hitz luzeak sortzeko joera dauka. Demagun “garrantzitsuenetarikoa” hitza, hogeita bi hizki, hamar silaba.

Hamaika adibide gehiago bururatu zitzaizkidan. Athleticek izarrez jositako Espainiako lehenengo mailan atzerritarrik gabe goiari eusten dio (araudiak ez du inolaz ere halakorik eskatzen). Gure izen eta abizenak ahoskatzean kanpotarrek gorriak ikusten dituzte, Aritzeder Gerrikaetxebarria Agirregomezkorta, kasu. Klimak ez digu bizitza errazten, udan batez ere, abuztuko egunik eguzkitsuenak euri zaparradak ekarri baititzake. Herri kirolak, koadrila-sistema, orografia, ondoko estatuekin daukagun harremana, eta abar. Zerrenda luzeegia da igartzen den patroiari jaramonik ez egiteko.

Honek guztiak zer pentsatu handiak eman dizkit azken egunetan, gutxiagotasun-konplexurik garatu ote dugun. Beharbada, herri bezala hutsal sentitzen gara eta ardurarik handienak eta zailenak hartzeari ekin diogu, besteok gure potentziala ikus dezaten. Hiru milioi eta koska biztanleko herria, arrazoiak bilatzen eta plazaratzen etengabe dabilena mundu globalizatu honetan tartetxo duin bat irabazteko asmoz. Politika arloan, eskubide linguistikoen arloan edo kultura arloan, besteak beste.

Urteak daramatzagu horrela, malabarismoak egiten mundu osoaren aurrean. Haize instrumentu arraroak jotzen, poesiak inprobisatzen, baleak ehizatzen, mendiak zulatzen, hizkuntza bakartiak mintzatzen. Besteoi, edo guri geuri, eskatzen ari garena merezi dugula demostratu nahian.

Etxepare zenaren aldarriaz geroztik bizio txarrak barneratzen.