Zigor sistemak gizartean eragiten dituen ondorioez mintzatu da Naiara Perea, larunbat honetan Gasteizen izanen diren espetxeen aurkako jardunaldi transfeministen asanbladako kidea.
Genak, tatuajeak, masajeak, janari begetala, bertsoak eta hitzaldiak. Denetarik egonen da ekainaren 1ean, Gasteizko gaztetxean. 10etatik hasita gauera arte egun osoko egitaraua antolatu dute espetxeen aurkako jardunaldi transfeministetan. Hegoaldeko espetxeen testuinguruaz, borroka eguneroko praktika izateko tresnez eta sistema kolonialaz eta zis-heteropatriarkalaz mintzatuko dira. Jardunaldien erdian eten bat eginen dute, 13:00etan, elkarrekin sexu-lanaren aldeko elkarretaratzera joateko. Naiara Pereak, asanbladako kideak, jardunaldien inguruko xehetasunak azaldu ditu.
Jardunaldiak Tatto Circusetan oinarrituta daude. Zer dira Tatto Circusak?
Tatto Circusak Erroman jaio ziren duela urte asko. Garai horretan, tatuajearen artean aritzen ziren mugimendu anarkistako pertsona batzuk elkartu, bildu, eta tatuatzeko zeukaten gaitasuna erabili zuten. Ateneo Occupatok konbentzio edo jardunaldi batzuk antolatu zituen, tatuajeekin, kontzertuekin eta beste gauzekin lortzen zituzten irabaziak pertsona presoen eta euren kideen gastu judizialak ordaintzeko erabili zituzten. Une bateko beharrari erantzuteko sortu zen, eta ordutik, jardunaldietan lortzen diren irabaziak presoentzat, preso ohientzat eta babes kolektiboentzat dira.
Zein ekarpen egiten dio begirada transfeministatik antolatu izanak?
Bereziki begirada transfeministatik antolatu nahi genituen egunerokoan transfeminismotik artikulatzen garelako. Horrek zer esan nahi du? Jardunaldietan zein asanbladetan modu agerian parte hartuko dutenak pertsona genero disidenteak eta emakumeak izango direla eta irabaziak nortasun horiek pertsonifikatzen dituzten presoei, preso ohiei eta babes taldeei bideratuko dizkiegula.
"Geroz eta zapalduago dauden pertsonek edo bazterretan daudenek jasaten dituzte bereziki zigor sistemaren ondorioak. Horren adibidea ez dira bakarrik kartzelak"
Dirua lortzeaz gain, gogoetarako espazioa izatea nahi duzue?
Gure helburuetako bat da birpentsatzea zigor sistemak nola eragiten duen gizartean. Kartzelak izugarrizko mina egiten dio gizarteari, baina batez ere, geroz eta zapalduago dauden pertsonek edo bazterretan daudenek jasaten dituzte bereziki zigor sistemaren ondorioak. Horren adibidea ez dira bakarrik kartzelak: Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak, psikiatrikoak eta zooak ere daude. Horren inguruan hausnartu nahi dugu, sistema honetatik harago babes kolektiboan oinarritutako alternatibak bilatzeko.
Nola eragiten du zigor sistemak?
Askotan esaten den esaldi bat da, baina guztiz erreala da. Kartzelaren kasuan, esaten da gizartearen ispilua dela. Horrek esan nahi du gaur egun existitzen diren zapalkuntzak kartzelan magnifikatzen direla. Hortaz, pertsona arrazializatuek, identitate disidenteek, emakumeek, pertsona diskek [desgaitasunen bat dutenek] eta bestek zigor sistema honen ideia oso modu bortitzean pairatzen dute.
Uste duzu jardunaldiak baliagarriak izan daitezkeela egunerokoan sortzen diren gatazkei aurre egiteko moduak berrikusteko?
Zigor sistema guztiz txertatuta daukagu gure gizartean; hortaz, gure baitan ere bai. Bada garaia barrura begiratu eta bakoitzaren jarrerak, jokabideak eta pentsatzeko modua berrikusteko. Indarkeria hori ere gure espazioetan eta harremanetan dago. Horregatik, zigor sistematik aldentzeko eta elkarrekin harremantzako geroz eta modu osasuntsuagoak sortzeko, jarduteko modua deseraikitzeko eta beste motatako sareak sortzeko lagungarria izan daiteke.
Egun osoko egitaraua antolatu duzue, eta besteak beste, gutunak idazteko txoko bat egonen da. Zergatik da tresna garrantzitsu bat?
Pertsona batzuek ez dute gutun trukerik, baina jaso nahi dutenentzat oso garrantzitsua da. Gutun trukeak isolamendua apurtzen eta mina eta borroka kolektibizatzen laguntzen digu. Indibidualismotik atera, eta ondoan eta kilometrotara ditugun presoei elkartasuna adierazteko modua da.