argia.eus
INPRIMATU
Gutun irekia Hondarribiko udalari: “Nolatan falta da alarde publikoko konpainiari erreferentzia egiten dion txapelik?”

2017ko abuztuaren 16a

Gure herriko 2017ko festetako kartel irabazlea ikusi nuenetik, galdera bat burutik kendu ezinik nabil, gaur-gaurkoz ez baitiot erantzunik aurkitu.

Karteleko mezua nahiko argia da: horizontalki eta bertikalki lerrokatutako 20 tanta ageri dira, goitik ikusitako txapelak irudikatzen dituztenak. 19 puntu gorri eta beltz bat: alarde tradizionaleko konpainia bakoitzeko txapel banari erreferentzia egiten dioten 20 zirkulu.

XX, bai, XXI. mendean gaudela ahantzita, nonbait. Ruperri bezala, niri ere kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Eta badirudi beste batzuei ere matematikek huts egin dietela:

Galderak, berez, ez dauka misterio handirik, baina egiteak merezi du: nolatan falta da alarde publikoko konpainiari erreferentzia egiten dion txapelik?

Ezin baitut ulertu nolatan onartu duen erakunde publiko batek alarde parekidea baztertzen duen kartel bat beren festetako ikur gisa.

Diskriminatzailea izanik ere, talde pribatu batek bere festa pribatua antola dezake, betiere legea errespetatuz egiten badu. Bestelakoa da erakunde publiko batek guztion eskubideak errespetatzen dituen alardea baztertu eta ez ikusiarena egitea.

Parekidetasunaren alde egitea gizarte guztiari dagokio, baina bide horretan ezinbestekoa da erakundeek dagozkizuen ardurak hartzea, behingoz guztion eskubideak errespeta daitezen.

Berdintasuna ez baita aukera bat, eskubide bat baizik.

LauHaizetara kolektiboa