Duela hilabete eskas, Euskal Herriko Feminista Erradikalok manifestu bat kaleratu genuen, Podemos alderdiak nahita filtratutako TRANS PERTSONEN BERDINTASUN ERREAL ETA ERAGINKORRERAKO LEGE zirriborroaren aurka.
Prentsak ia ez zuen gure jarreraren berri eman, eta sare sozialak sutan hasi ziren. Hautsak harrotu egin ziren. Kritika asko jaso ditugu, baina babes asko ere bai.
Horren guztiaren aurrean, harritzen gaitu gizartearen gehiengoak ez duela lege honek izango dituen ondorioen berri. Ez da etorkizuna asmatzeko kristalezko bola bat daukagula, horrelako legeak autonomia-erkidegoetan eta beste herrialde batzuetan aplikatzen ari dira, eta bertan queer teoriak aldarrikatzen duen genero-autodeterminazioa bultzatzeko legeen ondorio kaltegarriak bistan daude dagoeneko.
Mundu osoko feministek denbora luzea daramagu arrisku horretaz ohartarazten, baina gure ahotsak isilarazi egiten dituzte transfobia leporatuz. Orain dena da transfobia, ahots kritikoak isilarazteko. Beren iritzia argi eta garbi erakusten duten emakumeei gehien errepikatzen zaien iraina TERF akronimoa da, ingelesezko trans-exclusionary radical feminist. Emakumeenganako gorrotoaren diskurtso berria, gure eskubdeak eta haurrenak defendatzeagatik.
Lege honek dituen arriskuek haurrak kaltetzen dituzte; izan ere, orain, adingabeek erabaki dezakete trantsizio fisikoa egitea, hormonazio eta kirurgia bidez, gorputz osasuntsuak mutilatuz, gurasoen edo legezko tutoreen baimenik gabe. Hau da, tatuaje edo piercing bat egiteko, gurasoen edo tutoreen baimena izan behar dute, baina bizi osorako medikalizatuak izateko ez, pubertaroaren blokeatzaileek epe ertain edo luzera dituzten bigarren mailako ondorioak zein diren jakin gabe, gozokiak balira bezala errezetatzen baitizkiete; horretarako, ez dute familiaren baimenik behar; gainera, medikamentu horiek Interneten libreki eros daitezke. Gurasoak tratamendu horien aurka agertzen badira, zaintza gal dezakete, edo Kanadan gertatu den bezala, aita bat espetxean sartuko dute, 14 urteko alaba medikalizatzearen aurka dagoelako.
Joan den otsailaren 23an, DOFEMCOk eta Confuencia del Movimiento Feminista-k prentsaurrekoa eskaini zuten, hainbat autonomia-erkidegotan aplikatutako lege horiek ikasgeletan zuten eraginaren berri emateko. Ez diogu bakarrik begiratu behar lege hauek aplikatzen diren herrialdeetan gertatzen denari, etxean ere baditugu eta. Transfobiari erreparatzen diogun bitartean, generismoaren bidez eskoletako doktrinatzea oso kaltegarria izaten ari da.
Ohartarazten ari gara ideologia postmoderno horiek transexualitatean espezializatutako klinika eta industria farmazeutikoen jabe diren gizonek gidatutako lobby batzuek aldarrikatzen dituztela.
Honezkero, horrelako legeei buruzko alarma guztiek piztuta egon beharko lukete, transaktibismoak eta lege hau eskatzen dutenek defendatzeko duten modua ikusita. Zirriborro honen aurka agertu garenetik, zerrenda beltzetan sartu gaituzte, iraindu egin gaituzte, indarkeria-mehatxuak, zentsura eta sare sozialetako jazarpena jasan ditugu. Hori feminismo instituzionalaren, alderdi politikoetako zinegotzien eta queer izeneko tribu hiritar berri honen eskutik dator. Indarkeria bidegabea jasan behar izaten dugu, horrelako legeei buruzko eztabaida serio baten eskariaren aurrean, gehiengoa alboz jartzen den bitartean.
Lau alderdi politikok jakinarazi dutenez, aste honetan zirriborroa erregistratuko dute Madrileko kongresuan, arrazoiaren zentzuan konfiantza dugu eta uste dugu legea ez delaaurrera aterako, izugarri kaltegarria da eta. Guk, oraindik ere, herritarren % 52ri, haurrei eta transexualei eragiten dieten lege hauei buruzko eztabaida publikoa eta zintzoa eskatzen diegu alderdi politikoei eta gizarte-eragileei...
Euskal Herriko Feminista Erradikalak, 2021eko martxoaren 15ean