EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da Laboa!”. Zuian (Araba) eta Zuk Zeuk Egizu filosofian ardaztuta, artearen merkantilizazioaren aurka eta tokiko eszena autogestionatuaren alde.
Proiektua ezagutzeko gogotsu, domeka eguerdian abiatu gara bertarantz. Ordubiak jotzear direla ekin dio Lizarrako Maddi edo Emeadedei bakarlariak. Bakarkako proiektua hasten eta hazten dihardu, eta Nafarroatik kanpoko oholtza batean lehen aldia duela aipatu du emanaldiaren hasieran. Amaitasuna (2024) lehen lan luzean batu dituen zazpi abesti, rap esperimentu bat eta Federico García Lorca, Oskorri eta Jorge Drexrel propio eginda sortutakoak partekatu ditu gurekin. Eta zer nahi duzue esatea, ni ez naiz dena ondo azaltzera iristen; gonbidatu zuenera edo joan hurrengo zuzenekora. Maitasun- eta amaiera-gutun soinudun hori zuzenean entzun eta ikustea esplikatzen zaila den esperientzia baita.
Deskantsutxoaren ostean, disko-jogailuan Itoizen abesti bat jarrita eman dio hasiera zuzenekoari Beñat Bidegainek, abenduan kaleratutako Mahl Kobat bakarkako proiektuaren laugarren azalberritze honetan. Zelan apurtu pertsona bat (2024) diskoa errenkadan jo aurretik, momentuko kokapena neurtzeko, Rodrigo Amaranteren bertsio bat jo du lehenik. Eta ostean etorri da autosuntsipenaren kontakizun gorpuztu eta musikatua. Soiltasunetik adierazitako tristuraren narratiba bat. Ahotsaren, gitarraren eta gorputzaren elkarrekintzan, norbere buruaren kontra egitearen bizipenak hartzen dituen formak dira kantuok; norbere buruarekin harremanean, besteekiko harremanaren ezinean, haserrean, inpotentzian eta minean.
Kasu honetan ere zail zait zuzenekoa kontatzen, zurrunbilo propioan murgilduta egon nintzeneko pentsamenduen oihartzunek lausotu baitidate begirada. Gainera, garai hartan bidelagun izandako gustuko bi poema abesti bihurtuta jasotzeak eragindakoa kosta egiten da azaltzea. Ziurrenik, pentsamendu honetan bil daiteke: nitaz (ere) ari da. Eta gutaz. Zuiako gaztetxean, oholtzatik harago ere, malko bat baino gehiago ikus baitzitezkeen.
Bueltako bidaian, planazo bat izan dela baieztatu diogu geure buruari. “Kontzertu batera negar egitera?”. Harriduraz galdetu didatenentzat erantzun bat ere bai baita honakoa. Simon Frithi irakurria da gure bizitza emozional pribatu eta publikoaren arteko erlazioa administratzeko funtzioa duela musikak; emozio propioei forma, ahotsa eta soinua emanez, adierazpen pribatuen forma publiko bihurtzen dela. Mahl Kobaten zuzeneko proposamena, kolektiboan eta publikoan norbera lasai apurtzeko espazioa sortzea da. Eta horrek eskatzen duen mimoa, errespetua eta zaintza ez dira errazak aurkitzen. Ezinbestean behar ditugu, ordea, aurreranzko etengabeko ihesean aritu beharrean, zurrunbilo propioetara garamatzaten soinu eta berbak. Baita haiei kolektiboki eusteko leku goxoak ere. Indibidualizazio garaiotan, tristurak ere har dezan behar duen lekua emozioen adierazpen kolektibo zilegien zerrendan.