argia.eus
INPRIMATU
Gurutzontzi batek milaka autok adina kutsatzen du
  • Modan jarri da azken urteetan gurutzontzietan bidaiatzeko plana. Turismo ereduaren eta kutsaduraren inguruko eztabaidak ere gora doaz eta itsasontzi hauek eragiten dutenaren inguruko zalantzak ez dira salbuespena.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 05a
Harmony of the Seas gurutzontziak Bartzelona izan zuen portu 2016an (argazkia: wikipedia).

Itsasoa zeharkatu, portu ezagunenetan geratu, egun erdi batez hiriko txoko turistikoenak bisitatu, eta buelta luxuzko itsasontzira. Baina zenbat energia behar dute barkutzar horiek mugitzeko? Zer eragin du ingurumenean eta pertsonongan?

Lurrean debekatutako erregaia

Gurutzontziek fuel oil erregai pisutsua erabiltzen dute motorrak martxan jartzeko. Autoek edo kamioiek erabili ohi duten diesela baino 100 bider toxikoagoa da, erregai honek baino 3.500 aldiz sufre gehiago baitu. Fuel oil erregaiaren erabilera lurrean debekatuta dago, hondakin arriskutsua da eta oso tratamendu garestia du.

Normala baino 200 aldiz partikula ultrafin gehiago

NABU Alemaniako talde ekologistak gurutzontzi batean egindako neurketek argitara atera dute horrelako itsasontzi batean normalean topatu ohi direna baino 200 aldiz partikula ultrafin gehiago daudela. Erabilitako erregaiaren ondorio da hori. Ingurumenerako bezala osasunerako oso kaltegarriak dira partikula hauek, eta aire hori arnasten dute momenturo bidaiariek. NABU taldeko bozeramaile den Daniel Riegerrek dioenez, “gurutzontzien industriak uko egiten dio erregai garbiagoak erabiltzen hasteari eta erabiltzen dituzten erregai horientzako lurrean aspalditik erabiltzen diren filtroak jartzeari”.

Hainbat eragilek eskatzen dute Azufre Isurien Kontrolerako Guneak jartzeko Europa iparraldeko hainbat lekutan egiten den bezala, oso kutsakorrak diren gurutzontziei portuetarako sarrera debekatzeko.

Portuan motorrak piztuta izaten dituzte barku hauek barruan eskaintzen dituzten luxuzko zerbitzu guztiak martxan jarrai dezaten, eta beraz, airera botatako partikulek ez dute etenik.

Milaka kotxek adinako kontsumoa

Gurutzontzi konkretu batzuen azterketak egin dira, eta esaterako, 2016. urtean Bartzelona portu izan zuen Harmony of the Seas munduko gurutzontzi handienak 8.638 kotxek isurtzen duten CO2a botatzen du airera, 421.000 ibilgailuk adina NOx eta 376 milioi autok bezainbeste azufre, El Pais egunkariko albistean irakur daitezke datuok.

Turismo masiboak kolpatutako hainbat hiritan protestak eta eztabaidak ez dira oraintxeko kontua, eta Bartzelona da horietako kasu bat. Ara.cat egunkari katalanak argitaratutako albiste honetan kutsaduraren inguruko beste hainbat datu ere ikus daitezke.