argia.eus
INPRIMATU
Gurutzi Arregi hil da, Bizkaiko ondare immateriala jaso zuen etnografoa
  • Euskal herri kulturari ekarpen handia egin zion Gurutzi Arregi Azpeitia (Lemoa 1936, Zornotza 2020) etnografoa asteazken goizaldean hil da 84 urterekin.  Besteak beste, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren koordinatzaile izan zen.  Durangoko kultur mugimenduetan ere buru belarri aritu zen, Gerediaga elkarteko idazkari lanetan esaterako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko maiatzaren 07a
Gurutzi Arregi Azpeitia etnografoa (arg.: Labayru)

Askotan oharkabean igarotzen dira pertsona batzuen izenak, normalean emakumezkoenak, gurean ezagunak diren beste figura entzutetsu batzuen alboan edo itzalean daudelako. Gurutzi Arregik baina, merezi du toki nabarmena euskal etnografiaren historian. Joxe Miel Barandiaran eta Ander Manterolarekin urtetan lan egindakoa, asteazken honetan hil da etnografo durangarra, ondare immaterialaren ezagupenerako ekarpen erraldoia egin ondoren.

1936an Lemoan jaioa, Durangora joan zen txikitan bizitzera. Deustuko Unibertsitatean doktoretza tesia egin zuen Bizkaiko ermitei buruz, 70eko hamarkadan hasitako ikerketaren emaitza. Aldaketa sozial izugarriak bizi ziren garai hartan, berak ermiten inguruan jasotako informazioa funtsezkoa izan zen –milaka lagun elkarrizketatu zituen–, galbidean zegoen herri tradizio baten jakintza izateko.

1972tik 1984ra arte Barandiaranekin elkar hartuta ibil zen eta Bizkaiko Etniker taldea sortu zuen –Etniker Euskalerria taldeetako idazkari ere izan zen–. Hain zuzen, ikerketa erakunde horren lan garrantzitsuenaren koordinatzaile lanak egin zituen: Euskal Herriko Atlas Etnografikoa. “Gehien axola diguna, kultura tradizionala erreskatatzea da, eskuetatik alde egiten ari zaigun tradizio guztia berreskuratzea”, azaldu zion ARGIAri. Horri esker, 90eko hamarkadan liburuki mardulak argitaratu zituzten euskal errito, ohitura eta ofizioen inguruan.

Gurutzi Arregi, beheko ilaran, eskuinetik hasia hirugarren emakumea. Etniker taldearen lehen batzarra Aralarko San Migelen, Joxe Miel Barandiaranekin (arg.: Etniker)

Labayru Fundazioko etnologia saileko zuzendari ere izan zen Arregi. Ander Manterola fundazioko zuzendariak eman dio azken agurra gertuko senideekin batera: “Beti besteei dena emateko prest. Emakume paregabea izan da”, adierazi du abadeak.

Kuturgintza eta konpromisoa

Etnografiara soilik ez, kulturgintzara ere emana zegoen lemoarra, bere bizitzan erakutsitako konpromiso, militantzia eta ideia aurrerakoien erakusgarri. Frankismoa bere haragitan ezagutu zuen eta haren kontra borrokatu zen kulturaren alde lan eginez.

Hala, Durangoko Gerediaga elkarteko sortzaileetakoa izan zen eta idazkari lanetan aritu zen. Horrez gain, herri hartako Kurutziaga Ikastolaren sortzaileen artean ere aurkitzen dugu Arregi, eta kultur zinegotzi jardun zuen diktadura osteko lehen udalbatzan.

Gerediaga elkarteko sortzaileetakoa eta idazkari izan zen Arregi (arg.: Gerediaga)

Bilboko Elizbarrutiak Carmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena eskaini zion 2015ean. Baina Elizaren aitortza ez ezik, euskal instituzio eta herritarrena ere ondo merezi luke, Euskal Herriko ondare hauskor eta iragankorrenaren alde egindako lanagatik.

Josetxo Zufiaurre ikerlari beasaindarrak honako bertsoa eskaini dio hil berriari: