argia.eus
INPRIMATU
Gurutze plazako aparkalekuaz kontsulta egin nahi du Ibarrolak
  • Iruñeko Gurutze plazako lur azpiko aparkalekua egiteko proiektuan herritarrei kontsulta egingo diela iragarri du Cristina Ibarrola alkateak. Obraren aurka ari den herri plataformaren iritziz, Ibarrolaren noraezaren beste adierazle bat da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abuztuaren 31
Argazkia: X. Letona / ARGIA CC BY-SA

Cristina Ibarrolak astearte gauean eman zuen kontsulta egiteko asmoaren berri Navarra Televisiónen egindako elkarrizketa batean. Zehaztasun gehiago ez zuen eman, aldiz, haren nolakotasuna finkatzeko teknikariak lanean ari direla adierazi zuen, eta gauzak argitzean jakinaraziko zuela.

Aparkalekuaren aurka ari den Parking ez plataformaren ustez, bere noraezean alkateak kapelutik atera duen azken untxia litzateke, “kontsulta ez da kontua, eta arazoaren muina nahi dugun hiri eredua da”. Herritarren plataformarentzat, halaber, harrigarria da azken unean UPNk eta Ibarrolak demokrazia partehartzailearekiko agertu duten interesa. “Gure ustez, alkateari ez zaio interesatzen kontrako jarrerak entzutea eta ekimen honekin aldekoak bildu nahi ditu bere proiektuaren defentsan”.

Ibarrolak jakinarazi duenez, gainerako alderdiei ostiralean emango die proposamenaren berri udal bilkuran. Aspaldikoa da aparkaleku proposamena, baina obra proiektua bere agintaldiaren azken astean bideratu zuen Enrique Maya alkate ohiak, gainerako udal talde guztien kontrako jarrerarekin eta finantzaketari buruzko hari ugari ondo lotu gabe.

Uztailean plazaren inguruetan hesiak jartzen hasi zirenean, lanen aurkako mobilizazioa ere handitu egin zen kalean eta, besteak beste, inguruetako merkatariek ere beren aurkakotasuna publiko egin zuten. Ezaguna da, halaber, Bigarren Zabalgunean hauteskundeetan UPNk duen nagusitasuna, eta oraingoan bere hainbat boto emailek ere jakinarazi dio ez dagoela ados proiektuarekin.

Obrak geldituta

Ezustea abuztuaren erdian etorri zen, Ibarrolak jakinarazi zuenean dagoen kontsentsu falta medio obrak behin-behinekoz geldiaraziko zituela. Orain, ordea, egoera kontsulta bidez desblokeatzeko asmoa agertu du alkateak. Parking ez plataformak dagoeneko 15.837 sinadura bildu ditu proiektuaren aurka.

Kontsulta ekimenak aurrera egitekotan, halaber, ikusi beharko da zein den Espainiako Gobernuaren jarrera harekiko, hainbat kasutan kontsultak debekatu egin ditu eta. Esate batera, Baztango udalen biltzarrak 2022an Erdizko meatze proiektuari buruz kontsulta egiteko baimena eskatu zuenean, Espainiako Gobernuak ukatu egin zion.