argia.eus
INPRIMATU
Gurutze Iantzi omenduko dute Urnietan, guardia zibilaren eskuetan hil zela 28 urtera
  • Zantzu guztien arabera torturaren ondorioz hildako Gurutze Iantzi Igerategi urnietarrari omenaldia egingo diote ostiralean, bere herrian bertan, lore-eskaintza batekin. 1993ko irailaren 23an atxilotua beste hainbat lagunekin batera, guardia zibilak Madrilgo Tres Cantoseko komisaldegira eraman eta hurrengo egunean hil zen, "bihotzekoak jota". Inoiz ez zen heriotza harengatik epaiketarik egin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko irailaren 23a
Gurutze Iantzi Igerategi 1993ko irailaren 24an hil zen Madrilgo Tres Cantoseko koartelean, zantzu guztien arabera torturen ondorioz

1993ko irailean guardia zibilak operazio handi bat abiatu zuen Adarra mendiaren inguruan, ETAk bahituta zuen Julio Iglesias enpresaria inguruan zutela argudio gisa hartuta. Hainbat egunetako okupazio zorrotz eta sarekaden ondoren, hogei lagun baino gehiago atxilotu zituzten, tartean Gurutze Iantzi Herri Batasuneko zinegotzia izandakoa eta bere senarra, Julen Irastorza.

Irailaren 24an Urnietako udaletxean guardia zibilaren telegrama bat jaso zuten, esanez Iantzi Tres Cantoseko komisaldegian hil zela. Atxilotuetako gehienek tortura basatiak jasan zituztela salatu zuten. Lehenik Donostiako Antiguako kuartelean, eta ondoren Madrilen. "Poltsa", "bainuontzia", etengabeko kolpeak, mehatxuak, sexu-umiliazioak... Irastorza bera ere torturapean izan zuten eta irailaren 24an aske utzi ondoren jakin zuen emaztea hilda zegoela.

Bertsio ofizialaren eta espainiar hedabide nagusien arabera krisialdi epileptiko baten ondorioz bihotzekoak jota hil zen Iantzi; baina hurrengo egunean egin zioten autopsian auzitegi-medikuek garbi ikusi zuten beste norbaitek eragindako biolentzia fisikoaren ondorioz jasan zuela arterietako batean tronbosia. Irastorzak berak ziegan zela ikusi ahal izan zuen nola eramaten zuten Iantzi hara eta hona eta bere garrasiak ere entzun zituen.

Heriotza horren inguruko diligentziak berehala itxi zituen epaitegiak eta inoiz gehiago ez da kasua judizialki ikertu.

Ostiral honetan, irailak 24, berriz ere omenaldi xumea egingo diote lagun eta senideek Urnietako San Juan plazan Gurutze Iantzi Igerategiri, arratsaldeko 19:30ean hasita.