argia.eus
INPRIMATU
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun
  • Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren diktaduren kontra borrokatutakoak ere kontzentrazio esparruan izan zituzten. 6.000 euskaldun inguru egon ziren esparru hartan, eta kalkulatzen da 14.000 judu hil zituztela Gursetik Auschwitzera eta Mauthausenera eramanda.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 08a
Gurseko presoak omentzeko egindako ekitaldia, Gursen, apirilaren 7an. Argazkia: www.irekia.euskadi.eus

Gurseko (Biarno) kontzentrazio esparruak 1939ko apiriletik 1945eko abenduaren 31ra arte izan zituen presoak. Frantziako Estatuan iraupen eta garrantzi handiena izan zuen esparrua izan zen. Euskal Herritik gertuen eratu zuten esparrua izan zen, Zuberoatik 4 kilometrora.

Apirilaren 7an egin du oroimen ekitaldia Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak. Aurten, eremu nazia zabaldu zela 85 urte betetzen dira. Ekitaldian, preso izan ziren pertsonen senideak, elkarte sozial eta kulturalak, eta Akitania Berriko, EAEko, Nafarroako eta Aragoiko ordezkari politikoak izan dira. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuorde José Antonio Rodriguez Ranz Gursen izan da hilaren 7an, eta preso euskaldunak izan ditu gogoan: “Ia sei mila euskaldun iritsi ziren Francoren diktaduratik ihesi Gursera, eta han bizi izan ziren eta sufritu zuten (batzuk hil egin ziren) baldintza negargarri eta ankerretan. Memoria gogoratzea da (ez ahanztea), egia, ikerketa, ezagutza eta pedagogia berria, sozializazioa eta ezagutza horren transmisioa; konpontzen, eraldatzen eta ahalduntzen duen egia”.

60.000 presotik gora sei urtean

Eusko Jaurlaritzak omenaldiaz eskainitako informazioan kontzentrazio esparruaren lau garaiak honela nabarmendu ditu:

1- 1939ko apirilaren 2tik 1940ko maiatzaren 10era: errepublikar espainiarrak, Gudariak eta Nazioarteko Brigadetako boluntarioak. Guztira, 27.350 pertsona, gizonak bakarrik.

2- 1940ko maiatzaren 10etik 1940ko irailaren 1era: "desiragarrienak", batez ere Alemaniako eta Reicheko herrialdeetako emakumeak. Horiekin batera, iritzi-delituengatik (komunistak, Espainiako euskaldunak, etab.) barneratutako ehunka gizon. Guztira, 14.795 gizon eta emakume.

3- 1940ko irailaren 1etik 1944ko abuztuaren 25era: judu atzerritarrak. Guztira, 18.185 gizon, emakume eta haur barneratu zituzten Vichyko erregimenak egindako antisemitismo estatalaren ondorioz. Auschwitzera deportatu zituzten sistematikoki, eta 1942tik aurrera hil.

4- 1944ko abuztuaren 25etik 1945eko abenduaren 31ra: "laguntzaileak" eta ehunka bat antifrankista espainiar. Guztira, 3.370 pertsona, gizonak bakarrik.

Presoen barrakoiak.

Gurs, el campo vasco, Josu Chuecaren liburua

Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko irakasleak ere hitza hartu du Gurseko ekitaldian. Chuecak Gurs. El campo vasco (Txalaparta, 2007) liburua idatzi zuen. Liburua egin aurretxotik, 2005eko martxoan, ARGIAn erreportaje mardula (Gurs: euskaldunen kontzentrazio esparrua) argitaratu zuen kontzentrazio esparruari buruz, eta batez ere han egon ziren 6.000 euskaldun preso ingururi buruz. Besteak beste, Ramon Agesta Irastorza elkarrizketatu zuen. Ramon Agesta irundarrak 1936an 22 urte zituen. EAJko kidea, Gerra Zibila hasi zenean, Irungo Defentsa Batzordekoa zen. Gursera, 1940ko maiatzean atxilotuta eraman zuten, beste 800 euskaldun ingururekin. Arlette Dachary Ponts et Chaussées enpresako mekanografoa ere elkarrizketatu zuen. Gurseko kontzentrazio esparruan aritu zen lanean eta hauxe erantzun zion Chuecari Gursetik Auschwitzera eta Mauthausenera eramaten zituzten preso juduen patuaz zerbait bazekiten galdetutakoan : “Amerikarrek eta errusiarrek argazkiak erakutsi zituztenean jakin genuen zer gertatzen ari zen”.

Josu Chueca, 'Gurs, el campo vasco' liburuaren egilea ekitaldian. Argazkia: www.irekia.euskadi.eus.