argia.eus
INPRIMATU
“Gurpildun aulkian mugitzen naiz, baina autobuseko plataforma bakar batek ere ez du behar bezala funtzionatzen”
  • Lexuri Badiolak gurpildun aulkia behar du eta egunero hartu behar du autobusa lanera joateko, baina autobuseko plataforma bakar batek ere ez du behar bezala funtzionatzen eta autobusera ezin igo geratzen da edo akatsa zein den eta zer egin behar duen azaldu behar izaten dio gidariari. Bere orain arteko borrokari entzungor egin diotela-eta, sinadura bilketa abiatu du.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko maiatzaren 11

Egunero Lekeitiotik Bilbora lanera joateko eta Bilbotik Lekeitiora etxera itzultzeko autobusa hartu behar du Badiolak, baina plataformek ez dutenez ongi funtzionatzen, “egun batzuetan ezin izaten dut autobusera igo eta hurrengoari itxaron behar diot, lanpostura berandu iritsiz. Beste batzuetan igotzea lortzen dut, baina autobusak emango duen akatsa ezagutzen dudalako eta gidariari zer egin behar duen azaltzen diodalako. Lotsagarria iruditzen zait azalpen horiek nik eman behar izatea”.

Plataforma guztiek egoki funtzionatzea eta gidariek funtzionamenduaren inguruko ikastaroa jasotzea, “ezustekoei nola erantzun jakiteko”; hori da Badiolak eskatzen duena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko sailean sarri kexatu da, baina gehienetan ez diote erantzunik eman, eta eman diotenean erantzun diote beharrezko errebisioak egiten zaizkiela plataformei. “Zalantzan jartzen dut hori, oraindik akatsak ematen baitituzte”.

Erantzun kolektiboa

Behingoz kasu egin diezaioten esperantzan, sinadura bilketa abiatu du eta egun gutxitan 9.500 sinadura baino gehiago lortu ditu oraingoz. “Argi erakusten ari gara gizarte mailako arazo baten aurrean aurkitzen garela, eta ez Lexuri edo aniztasun funtzional bat duen norbaiten arazo indibidual baten aurrean”.