Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara, Ziburuko IV. Euskal Liburu eta Disko Azokaren bezperan. Irrikaz daude ARGIArekin batera azoka antolatzen duen elkarte honetako kideak, zeruak errespetatuko duen konfiantzarekin, eta argitaletxe zein herritarren artean sumatzen duten ilusioak animaturik. Zertarako sortu zen Baltsan elkartea 2012an eta zer dinamika dute bertako 60 bazkideek?
Nola eta zergatik sortu zenuten Baltsan?
Euskal kultur mailan, Ikastola eta AEKz aparte ez dago beste eragilerik Ziburun.
1980ko hamarkadan izan zen Sagaio euskal kultur elkartea eta lehen aldiz Iparraldean euskal zinemari buruzko aste bat antolatu zuen, Amalur filma eman zuten... Elkarte hau gelditu zen, geroztik ez zen fitsik eta duela hamar urte inguru gazte batzuek mugitzen hasi ziren, Ziburun kultur animazioa falta zela esanaz, euskal kulturaren aldeko dinamika behar zela... Honela konturatu ginen abertzale dexente baginela Ziburun, bazegoela oinarri bat zerbait sortzeko.
Baltsan kultur elkartea da, abertzaleek sortutako kultur elkartea. Gure helburua euskal kultura garatzea da, euskal kultura sustatzea, biziaraztea eta plazaratzea. Eta horren bidez, Ziburun animazio sozio kulturala bermatzea. Elkartean denak ez dira euskaradunak baina denek ematen diote lehentasuna euskarari.
Kultur elkartea eta aldi berean gastronomia elkartea da...
Bai, bi funtzionamenduak ditu eta gastronomikoaren funtzionamendutik lortzen dugu ekitaldiak finantzatzea. Horri esker egiten dira diru galera dakarten ekitaldiak, badakigulako euskara hutsezko ekitaldiak batzutan diru galerarekin bukatzen direla. Helburua da euskaraz bizitzea proposatzea jendeari eta euskara biziaraztea gure herrian.
Zein ekintza mota antolatzen dituzue urtean zehar?
Hasieretan dinamika handia izaten da, eta ia hilabetean behin egiten genuen zerbait: dokumentalak, eztabaidak, kontzertuak, bazkariak... Hasieran gazte ziren haiek jada ez dira hain gazte, seme-alaba txikiak dituzte, ikastolan ere inplikatu behar...
Adinari lotutako inplikazio mugak bizitzen ari ginen, eta COVID19ak moztu egin zuen lehendik eusteko zaila egiten ari zen dinamika. Geroztik berriz hasiak gara lotzen eta dinamika abian da: Euskal Liburu eta Diskoen Azoka antolatzen dugu, bertso bazkari bat antolatzen dugu urtero, mintzapraktika talde bat bada, aurten herriko festen irekiera egunean Baltsanekoek ukan dugu plazako karpa azpiko animazioa guregain, beraz, talde euskaldunak ekarri genituen eta festen hasieran giro euskalduna sortzeko aukera izan genuen...
Belaunaldi berriekin kontaktatzea da gure erronka. 30 urtez beherako bazkideak falta ditugu elkarteari arnas berria emateko.
Zer da Ziburuko Azoka Baltsan elkartearentzat?
Hartu duen hedadurarekin, urteko ekitaldi nagusia bihurtu da. Urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldi gehienak Baltsan elkarte barruan egiten dira, baina azokak aldiz, plaza hartzen du. Guretzat garrantzitsua da ekimen nazionala izatea, ARGIArekin batera antolatua, eta Euskal Herri osoari begirakoa izatea, Ziburun erroturik.
Ziburuko azoka antolatzeko Azoka batzordea dugu Baltsan elkartean, eta hamar lagun biltzen gara bertan, urte osoan. Azoka egunean 30 lagunetik gora aritzen gara lanean, denok musutruk.