Ziordian arropa bota zuen enpresa bera omen da arropak Arbizun bota dituena.
Gurelurrek, Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsak, jakinarazi duenez, Tolosaldean birziklatzeko eta berrerabiltzeko erabilitako arropa Arbizuko bi pabilioitan bota dute. Gurelurreko kideek azaldu dutenez, “Ekotrade enpresa Arbizuko bi pabiloitan arropa isurtzen ari da”. Jakinarazi dutenez, Guardia Civilaren Natura Babesteko Zerbitzuari, Sepronari, gertakariaren berri eman diote, “legez kanpoko isurketa horiek gelditzeko eta Sakanan isuritako arroparen tonak berehala kentzeko”.
Salatzaileen iritziz, “isurketen arduradunek, ingurumen-erantzukizunak izateaz aparte, erantzukizun penalak ere izan ditzakete; izan ere, birziklatzeko eta berrerabiltzeko ematen zaizkien arropetatik enpresa horrek legez kanpo egiten duen isurketarekin, beren zerbitzuak kontratatzen dituzten administrazioei iruzur egiten ari ahal zaie”. Gurelurreko ordezkariek gaineratu dutenez, “arropa ematen duten herritarrei iruzur egiten zaie, gezurra esaten baitiete ematen zaien xedearekin eta erabilerarekin. Ingurumen- eta gizarte-helburuetarako arropa emateko lana hartzen duten pertsonen sentsibilitatea zapaltzen ari dira”.
Aurrekaria
Sakanan izan den bigarren arropa isuria da Arbizukoa. Aurrekoa hutsik zegoen Ziordiko pabilioi batean egin zen. Gurelurrek gaztigatu duenez, bata eta bestea enpresa berak egin ditu, Ekotrade. “Zigorgabetasun osoz, arropa tona batzuk isurtzen ari da berriro Sakanan. Gipuzkoako enpresa horrek, Gurelurrek Ziordian egindako isuriengatik jarritako salaketen aurrean, konpromisoa hartu zuen arropak isuri ziren pabiloietatik tonak kentzeko, eta urtebete baino gehiago igaro da eta arropak bertan behera geratu dira. Duela hilabete batzuk Gurelurrek berriro salatu zuen gertatutakoa Ingurumen Departamentuan, eta arduradun politikoek ez dute ezer egin arazoa konpontzeko”.