Lizarran egin zuten moduan, Zestoako zahar-etxean ere langileek erabaki dute egoitzan egitea itxialdia, birusa kanpotik ekarri eta bertan dauden 44 adinekoak ez kutsatzeko. "Erabaki zaila? Ez pentsa, segituan ikusi genuen hori zela egin behar genuena eta lasaitua hartu dugu, bai zaharrengatik, baina baita etxekoengatik ere", adierazi digu zahar-etxeko zuzendariak.
"Nahiz eta jendeak egoitzara bisitarik ezin zuen egin eta nahiz eta guk segurtasun neurriekin lan egin, langileok egunero etxera joan-etorria eginda zirrikituak lagatzen genituen, arduratuta ginen eta ezinegonez bizi genuen: ‘Ez ote dut nik eramango birusa egoitzara?’ Eta eramanez gero, badakigu denok zer gertatzen den adinekoz betetako leku batean…", kontatu digu Joseba Illarramendi zuzendariak.
Natural etorri zen erabakia: hamabost egunez (oraingoz) ez dute langileek etxera joan-etorria egingo. Lehenengo astean hamaika langile geratuko dira eta bigarrenean beste hamaika-hamabi. "Langile guztiek erakutsi dute borondatea eta prestutasuna. Batzuek ezingo dute parte hartu, etxean duten egoeragatik, ume txikien zaintza eta beste, baina ez da inor behartuta etorri. Gure xaharrak dira, horrela bizi dugu".
Hornitzaileen eguneroko joan-etorria mozteko ere (inguruko hornitzaileekin egiten dute lan, janarirako, prentsa jasotzeko…), salbuespen moduan catering bidez jardungo dute egunotan.
“Gure filosofian dago behar dugunean deskantsua hartzen joatea”
Zestoako bainuetxetik lortu dituzte oheak langileentzat. "Gure kanpalekua muntatu dugu". Antolamendu berezirik ez dute egin, "gure filosofian dago behar dugunean deskantsua hartzen joatea egunean zehar, eta gainerakoan, egunek eurek markatuko digute nola egin. Gutxienez, haizea hartzeko aukera ematen digu egoitza inguru zabalak, etxeekin alderatuta horretan irabazi dugu. Segurtasun neurriekin jarraitzen dugu, eta gure zaharrak ahalik eta ongien zaintzen", dio Illarramendik.