Gurasoon goizak zoramena izaten dira! Umeak esnatu, gosaria eman, jantzi… eskolara garaiz iristeko. Horiek dira guraso gisa gure eguneroko kezkak. Guretik 3.500 kilometrotara oso bestelakoak dira guraso palestinarren ardurak: umeei emateko janaria izango duten ala ez, bonba bat gainean erortzearen beldurra… Milioi bat ume baino gehiagok ez dute eskolara joaterik, milaka eta milaka dira etxe barik geratu direnak eta 14.000tik gora Israelgo estatu sionistak eraildakoak.
Egoera horren aurrean, Euskal Herriko guraso eta irakasleok hainbat ekimen egin izan ditugu azken hilabeteotan Palestinako herriari elkartasuna adierazi eta genozidioa salatzeko. Gasteizko ekintzetan Palestinako umeak gureak ere badira leloa aukeratu genuen, eta aldi berean eta jakin barik, Bilboko gurasoek ere, kezka berberak bultzatuta, lelo bera aukeratu zuten. Behar horrek elkarlanean aritzera eraman gaitu eta hurrengo igandean, ekainaren 16an, 11:30ean prentsaurreko bat emango dugu Bilboko Elkarbizitza plazan. Palestinako familien mina barreneraino heltzen zaigu egunero eta haien umeak gureak ere sentiarazten ditugula zabaldu nahi dugu:
Palestinako umeak gureak ere badira!
Izaskun Guarrotxena eta Markel Elortza
Bilbo eta Gasteizko “Palestinako umeak gureak ere badira” ekimeneko kideak