Baltsan elkarte ziburutarrak eta ARGIAk elkarlanean antolatu dugun Euskal Liburu eta Disko Azokaren bigarren edizioa ederki iragan da ekainaren 12an Ziburun. Irakurleak, idazleak zein argitaletxetako kideak gustura egon dira bertan eta antolatzaileek balorapen “biziki ona” egin dute, gerora ere errepikatzeko gogoa ezin gorderik. Plaza euskaratik eta euskaraz bizitzeko helburua bete dute, eta funtsean, Lapurdi kostaldean euskara hutsean hitzordu bat proposatzea bera da zerbait... handia.
Jendea gosez hurbildu zen eta asebeterik etxeratu. Liburu gose, euskara gose eta jende gose, eta hiruentzako hazkurri izaten asmatu du ederki Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Bigarren aldikoz, Baltsan elkarte ziburutarrak eta Argiak elkarlanean antolaturiko azoka iragan da ekainaren hamabigarren eguzkitsuan Lapurdi kostaldeko herrian. Lezo, Azpeitia, Izpura, Oiartzun, Zarautz, Azkarate, Baiona, Iruñea, Orio, Urruña, Hendaia, Ozta, Hernani, Astigarraga... Euskal Herriko xoko ezberdinetako jendea bertaratu da, Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko idazleak dioen gisara, “Ziburu leku egokia delako bi aldetakoen bateratzea egiteko”.
Bertan egon ziren 23 argitaletxe, euskaraz idatzitako liburuen plazaratzen, ttipietan handienak eta ttipietan ttipienak, batak bertzeari ez ziola itzalik egiten. Gurea ttipia dela ohartarazten digutelako handiek eta guhaurk ere ttipia garela errepikatzen dugulako behin eta berriz. Eta noski, bagarela ttipiak (handien ondoan), baina frantsesez eta espainolez idatzitako sorkuntzak alde batera utziz eta euskarazkoei eskainiz plaza osoa, begibistakoa gelditzen zaigu gure ttipia handia dela. Egiazpen hau egin zitekeen xumetasunez baita harrotasunez ere Ziburuko plazako menua deskubrituz.
Hauen artean genuen Pamiela argitaletxea, Peio Elzaburu kidea bertan zela “atxikimendu berezi” batekin bertaratua: “Argitaletxe nafarra gara, orduan zorionez ez bagaude ere Ipar Euskal Herriko egoeran, guk ere sasoi txarrak pasa ditugu eta pasatzen ditugu, beraz betidanik diegu Ipar Euskal Herriko gomita guztiei baietza erantzuten. Komunitatea garrantzitsua dela badakigu, minoritarioak izanik badakigu zein garrantzitsua den elkargunea, oso ongi ulertzen dugu hori nafarrok”.
Elkargunea izan da bai, eta azokaren ttipitasunak permititu du idazle eta irakurleen arteko hurbiltasuna. Plazan muntaturiko karpa zuriaren pean jendea batu bada ere, ez da jende-metaketa itogarririk izan, eta bazen denbora eta espazioa solasarentzat. Artetan berez doana oroitaraztearen beharra badugunez, ondokoa ohartarazten digu Etxezaharretak: “Inportantea da idazle batentzat irakurlearekin mintzatzea”. Bai horrela da, eta esaldiak aldrebes ere balio du: “Inportantea da irakurle batentzat idazlearekin mintzatzea”. Susa argitaletxearekin plazaraturiko Lazunak azkazaletan poema liburua aurkezten egon da Oihana Arana. Berari ere gustatzen zaio hartu-eman hau: “Gustatzen zait norberaren barnean horrenbeste denbora egon den zerbait ikustea gero nola formaz aldatzen den, jendeak nola bizi duen. Aldatzen da, norberak idazten duena eta besteak irakurtzen duena sekulan ez da ber-bera, azkenean bakoitzak dagoen lekutik eta bizi duenetik irakurtzen duelako liburu bakoitza eta niri hor sortzen diren konfrontazioak interesgarriak iruditzen zaizkit beti”.
Trukaketa hau beharrezkoa zaigula sendi dugu, COVID-19 urte terdi bakartzailetik poliki-poliki ateratzen garen honetan. Argitaletxe ezberdinekin solastatzerakoan, testuinguru honen eraginaz ere aritu gara eta diotenez, orokorrean ez du kolpe bortitzik eragin liburugintzan. “Liburuek segitu dute beren bidea egiten, idazleak idazten, irakurleak irakurtzen... mugimendu hori ez du moztu egoerak, galdu duguna da idazle-irakurle trukaketa: elkar agurtzea, aurrez aurre zoriontzea edota elkartzea eta liburua komentatzea”, Susako Itziar Ugarteren hitzetan. Galdutako hau berreskuratzeko hitzordutzat zeukan Ziburuko Azoka. Iritzi berekoa da Pamielako Elzaburu ere: “Emozio handia bada, nabaritzen da irakurtzeko ohitura on hori ez dela galdu, are gehiago jendea gose da”.
Goizean zeuzkaten liburu aurkezpen eta Zirriborroka bertso-marrazki saioaz geroztik orduak pasa zirela, astirian oraindik hor zeuden Odei Barroso eta Maddi Ane Txoperena terrazan, gustura, kontu-kontari. “Badu urte bat kasik ez dudala kantatu plaza batean… funtzio anitz bete ditu gaurkoak, tartean, jende-goseari erantzun izana, bizi soziala eskaini digu; eta bizi artistikoan ere eragin dit, plazan bertsotan aritzeko gogoa piztu dit berriz, jendearekin egote hori eskertu dut”. Bide beretik doa Txoperena ere: “Oholtza eta areto askoz formalagoetan aritu naiz ni, baina gaurkoak eskaini duen jendearekilako hurbiltasuna eskertu dut. Topaketa eguna izan da, kausitu dut jende pila bat aspaldi ikusia ez nuena”. Bi hauek ere eskertu dute euskal liburu eta diskoei bideratu izana azoka: “Diskriminazio positibo hau positiboa da”; “zorrozki mugatu izana ongi da, zeren bestela jaten gaitu besteak”.
Zazpi idazleren azken liburuei buruzko azalpenak entzuteko plaza ere izan zen larunbatekoa, Euskal Irratietako Maia Muruaga kazetariak gidaturiko aurkezpenen bidez: Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da, Asiskoren Sugarren mende, Jon Alonsoren Naparra, kasu irekia, Mikel Antza eta Adur Larrearen Burgosko auzia: iraultza eta bizi!, Jakoba Errekondoren Etxeko landareak, Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan eta Itxaro Bordaren Susmaezinak. Orotara, aurtengo 60 bat berritasun mahaigaineratu zituzten argitaletxeek, ondoan aurreko urteetako beste ehunka zituztela irakurleen begibistan jarrita.
“Poztekoa da ematea ikusgarritasuna eta zentralitatea euskarazko liburugintzari” dio Susako Ugartek. Antolatzaileen hautua izan da soilik euskarazko liburugintzari eskaintzea lekua eta euskara hutsean bideratzea komunikazioa. Hautu ausarta eta politikoa, diglosia giro bortitzean, euskara sartzekotan elebitasunaren hautua egin ohi duen Ipar Euskal Herriarentzat. Ausarta, politikoa eta euskaraz bizi nahi dugunok eskerturikoa. Ziburutar bat baino gehiago zegoen poz-pozik haien plaza euskaraz bizi ikusteaz.
Balorapenaren ordua ez bada ere oraindik etorria, argitaletxekoekin hitz eginik, bilan “biziki baikorra” egiten zuen Ladix Arrosagarai Baltsaneko kideak egun bukaeran: “Gure helburua da liburugintza laguntzea, eta pozik gaude, irakurle gehiago etorri delako bigarren edizio honetara eta argitaletxeek ere gehiago saldu dutelako”.
“[Ipar Euskal Herrian] liburu denda guti da, eta guti horietan euskarazko produktuak xuhur edo ez dira eskuragarri. Eta ez badira ikusgarri, ez dira erosten. Beraz, guk ikusgarritasuna eta eskuragarritasuna eman nahi dizkiogu euskarazko ekoizpenari”, zioen azoka aurkezteko pentsaurrekoan Adur Larrea Baltsaneko kide eta komikigileak.
“Plaza osoa euskaraz mintzatu da egun osoan”, dio Arrosagaraik, alai. Euskaldunak %12 inguru dituen Zibururentzat sekulako garaipena. 310.000 biztanle dituen Ipar Euskal Herrian, 51.000 euskal hiztun daude, inolako aitortzarik gabe, korrontearen kontra etengabean, kontzientziatik eta bihotzetik, egin ahala euskaraz bizi direnak.
Hauen artean, haurrak ditugu eta adin ttipikoei begiratuz gero hobeak dira datuak: hiru umetatik bik euskaraz jasotzen dute hezkuntza –osoki edo elebidun sailean–. Baina arazoa da eskolako lau pareten artean entzundako hizkuntza dutela anitzek, etxean zein plazan frantsesa dutelako aditu eta erabili beharreko hizkuntza.
Egoera linguistiko honetaz kezkaturik, egun bakar batentzat bada ere, azokaren bidez irauli nahi izan dute umeen errealitate hau: “Euskara haien herriko plazan entzun dezatela, haien gurasoekin batera, plazerrez eta presiorik gabe”, ihardesten digu Maddi Zubeldia antolatzaile eta idazleak, haurrei begira duten helburuaz galdeturik. Hori horrela, hilabete batzuk lehenago eskolekin harremanetan jarri eta Iturri zaharreko ipuina osatu dute Bernadette Irazoki ipuinlariarekin batera eta Mixel Klaudio mandolina jotzailearen, Txomin Aritzaga gitarristaren eta Xano Urtxegi eskusoinu jotzailearen laguntzarekin.
1676an eraikitako herriko iturri zaharrean hitzordua jarri eta ipuinaren artetik, eskola bakoitzak kantu bat plazaratu du, guztiek uraren elementua zutela aipagai. “Leku honek badu magia. Iturri zaharretik edan dugu, iturriaren funtzioa deskubritu dute, kontu-kontari aritzearena, elkartzearena eta honen garrantzia ikusi dute. Gure iturria da, agortua da... baina gaur ez zen agortua”, dio Zubeldiak, bizitutako momentuaz oraindik xarmaturik. Ez zaie zuzenean erran iturria izan zitekeela euskararen eta euskarazko topagunearen metafora, baina seguru esplikazio formalik eman gabe eginen zutela lotura inguruan zuten giroarekin. Iturria utzirik, denek azokan bukatu zuten, haur zein gurasoek: “Azokara etorriko ez zen jende bat etorri da Iturri zaharreko ipuina-ri esker, eta erakutsi zaie eskolatik kanpo ere gozatu dezaketela euskaraz”, Arrosagarairen hitzetan. Zubeldiak urtero errepikatu nahi duen hitzordua du iturri zaharrekoa.
Iturriko hitzorduaren gisara, plazako hitzordua errepikatzeko gogoa ere sendi da antolatzaileen partetik. Azokaren tamaina ttipiak ahalbideturiko giro herrikoia eta familiarrean jendea gustura zela nabarmen gelditurik, famak ekar lezakeen handitzeko beharra bururatu zaio kazetariari eta horretaz galdetu dio Arrosagarairi. Horra erantzuna –modu pertsonalean emana–: “Neurri pare bat gorago joan gaitezke baina ez asko... bestela, behar genuke gune handiago batetara mugitu; baina kasu horretan plaza utziko genuke, eta gure helburua da justuki euskarak plaza hartzea. Beraz, handitu bai, baina plazak ematen dizkigun mugen barnean”. Urtean egun bat bada ere, ukanen dugu beraz berriz ere Ziburuko plaza euskaraz bizitzeko suertea.
Azoka Aguxtin Alkhat eta Julien Labaten kontzertuarekin bukatu zen. Azokak ateak hetsi zituen eta anitz ziren plazako Maitenia eta Bittor tabernen terrazetan eguna luzatu zutenak, urte osoan zehar euskaldunentzat gune estimatuak diren bi ostatu euskaldunetan.
Jarraian, Dani Blancoren argazkiak: