argia.eus
INPRIMATU
Gure Memoria jardunaldiak Errekaleorren, Euskal Herriaren iragan hurbileko borrokak ardatz hartuta
  • Ostiralean eta larunbatean egingo dira Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan. Memoria kolektiboa indartu nahi dute, orainaldiko eta etorkizuneko borrokak elikatzeko helburuarekin.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 23a

Hainbat militante eta herri mugimenduk hartuko du parte jardunaldietan. Ahaztuak 1936-1977 elkartearen hitzaldiak emango die hasiera ostiralean 18:30etan. Kantu afari internazionalista izango da ondoren.

Larunbatean 10:00etan berrekingo diete jarduerei, Zenbait borroka ibilbide kontakizun pertsonaletatik solasaldiarekin. 13:00etan Bilgune Feministak hartuko du hitza, errepresioaren analisi feminista partekatzeko. Bazkalosterako Gazte antolakuntza: iraganeko lau zertzelada etorkizunerako irakasgai saioa dago antolatuta, eta arratsaldeko 18:30tan Josetxo Otegik eta Iñaki Gil de San Vicentek hartuko dute hitza nazio askapen mugimenduetako borroka moldeen inguruan eztabaidatzeko. Auzoan bertan lo egiteko aukera egongo da, eta umeen zaintza eta itzulpen zerbitzuak izango dira.

Jardunaldiekin memoria propio bat era kolektiboan indartu nahi dutela azaldu dute antolatzaileek. “Amnesia iraunkorrean nahi gaituzte”, diote, “iraganeko irakaspenak gure egin ez ditzagun”. Iraganaren kontakizuna orainaldiko eta etorkizuneko jendartea eraikitzeko tresna garrantzitsua dela iritzi diote, eta horren ondorioz kontakizunen arteko norgehiagoka etengabea dela. Norgehiagoka horretan boterea, batetik, bere kontakizuna inposatzen ahalegintzen da “kosta ahala kosta. Hezkuntza sistematik hasita, egungo telesail, pelikula eta abestietaraino”. Bestetik, kontakizun alternatiboak mututzen saiatzen da, “etorkizunerako arma” eta “errealitatean interbenitzeko modu berrien gordeleku” direlako, besteak beste. “Memoriarik gabeko herriak herri izateari uzten dio” ohartarazi dute.