argia.eus
INPRIMATU
Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
“Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago”
  • Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez gain, instituzio eta gobernuei ardurarik hartu ez izana leporatu die: "Ez dute entzun nahi zaintza publikoren eta komunitarioaren alde greba orokorrean kaleak bete zituzten herritarren ahotsak".

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 08a
Jone Gil Landaburu Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea

Nolako eguna izatea espero duzue?

Borroka egun jendetsua izatea nahiko genuke. Lehenengo Greba Feminista Orokorretik iritsi gara manifestazio hauetara. Greba Orokorrean historia egitea lortu genuen, zaintzaren auzia erdigunean jarrita, instituzioak zuzenean interpelatu genituen eta jendartearen gehiengoak bere egin zituen aldarrikapenak. Gaurko egunean helburu bera dugu. Emakumeok bizi dugun egoera salatzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko aterako gara berriro kalera. Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago. 

Greba Orokorra hausnartzeko espazioa izan zen?

Mugimendu Feministak jarri du zaintzaren auzia kaleetan eta jendartearen agenda politikoan. Zaintzen inguruan hausnartzea lorpen politiko bat da, eta ez da gutxi. Gaizki baloratzen duguna da gobernuari eskatu dizkiogun elkarrizketarako mahaien inguruan ez dugula erantzunik jaso.

Nabarmentzen duzue Martxoak 8 ez dela ospatzeko eguna, baizik eta borrokarakoa eta salatzekoa. Jendeak ospakizun bezala hartzearen beldur zarete?

Bai. Badakigu agendan hain finko kokatuta dauden egunek arrisku hori daukatela. Gainera, instituzioek horrelako egunak eta aldarrikapenak despolitizatzen dituzte. Gure helburua beti da, ez kaleak betetzea soilik, baita aldarrikapen sendoak kalera ateratzea ere. 

Zaintza aldarrikatzen duzue beste behin. Zer nolako ondorioak ditu gaur egungo zaintza sistemak?

Zaintzarekin eta gure bizitzekin negoziorik ez egitea aldarrikatzen dugu eta horrek eragindako ondorioak argitara atera eta salatu nahi ditugu. Emakumeak gara bereziki soldatapean zein dohainik zaintzak bermatzen ditugunak. Guk sufritzen ditugu gizonen, instituzioen eta patronalaren zapalkuntzak eta inplikaziorik eza. Gure lan indarra esplotatzen duen sistemari egin behar diogu aurre egunero. Sistema horrek prekarietatea eta etengabeko zapalkuntzak sufritzera kondenatzen gaitu. Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan behar da, eta horrek aurre egiten dio gobernuaren eredu pribatizatzaileari eta prekarizatzaileari. 

"Gure lan indarra esplotatzen duen sistemari egin behar diogu aurre egunero"

EAEko zaintza itunari ere kritika egiten diozue. Zergatik?

Guretzako hipokrisia hutsa eta arduragabekeria ikaragarria da gobernua egiten ari dena itunarekin. Ez dute entzun nahi zaintza publikoaren eta komunitarioaren alde Greba Orokorrean kaleak bete zituzten herritarren ahotsak. Mugimendu Feministaren aldarrikapenak hartu, edukiz hustu, eta pribatizazioa eta prekarietatea sustatzen ari dira.

Zaintza lantzeko beharrezkoa da ere Atzerritartasun Legeari heltzea?

Argi dago zaintza lanak baldintza txarrenean dauden aitortu gabeko lanak direla, eta bereziki emakume etorkinen eta arrazializatuengan erortzen dela. Sistema familiarista batean bizi gara; hau da, familia heteronormatiboan oinarritzen den sisteman. Etxeko emakumea ezin denean zaintzaz arduratu, kanpoko emakume bat kontratatzen da, eta gehienetan emakume etorkinak edo arrazializatuak dira. Sistema arrazistaren adibide argia da, eta horri aurre egiteko Atzerritartasun Legeari heldu behar diogu.

Ipar Euskal Herrian autodefentsa feministan eta saretzean jarri duzue indarra. Zergatik?

Errealitateak oso desberdinak direlako. Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista ez dago hain saretua eta egonkortua. Horregatik zaintzaren problematikak ez du bide berdina egin. Gehiago doaz autodefentsa feministaren apologia egitera eta antolakuntza eta mugimendu indartsu bat gorpuztera eta saretzera. Zaintzaz gain, indartze eta saretze hori ere bada oso garrantzitsua.