argia.eus
INPRIMATU
Gure ibilbidea, gure bermea

Doroteo Zobaran Kaltzada 2023ko abenduaren 19a

Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz lehen aldiz hitz egiten hasi zenean, zehazki 2009 inguruan, Zain Dezagun Urdaibai elkarteak informazioa, auto-antolaketa eta mobilizazioa sustatuz ekin zion bere lanari. Horrela sortu zen Urdaibaietz elkarte plataforma, gaur egun oraindik bizirik dagoena. Guztion artean lortu genuen Sukarrietako Kolonian altxatzeko asmoa zuten orduko proiektu hura baztertuta geratzea. Hala ere, sustatzaile nagusiek, Guggenheim Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ez zuten amore eman.

Hamar urte geroago, 2018 inguruan, musika zahar hura berriro entzuten hasi zen, dezibelio gehiagorekin, ordea. Museo baten faltan, sustatzaile ohiek bi eraikitzeko asmoa agertu zuten, oraingoan, sinesgaitza bada ere, MITECOren (Trantsizio Ekologikorako Ministerioa) laguntzarekin.

Bai ala bai! Denok ezagutzen dugun turismo mega-proiektua halaxe inposatu nahi digute. Bi museo pieza, Gernikako Dalia fabrika zaharraren inguruan eta Muruetako ontziolan, eta bien arteko lotura bat, Bide Berdea deiturikoaren bidez egina, erakusketa eremu bihurtzeaz gain, gutxienez noizbehinka edota partzialki pribatizatzeko asmoa dutena, hain zuzen.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbari inoiz egindako erasorik larrienaren aurrean gaude. Sare sozialen bidez dirua biltzen
ari gara auzitegietara jotzeko hasi dugun bidean jarraitzeko

Hori dela eta, Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak urteak daramatza Urdaibaiko Erreserbaren defentsaren buru izaten, eta horrela jarraituko du, Zain Dezagun Urdaibai markarekin, Urdaibain egindako ibilbideagatik auzitara jotzeko legitimazioa duen elkartea baikara. Hori dela eta, gure antolaketa-autonomia erabiliz, sortzen ari diren beste talde batzuengandik nolabait aldentzeko beharra ikusten dugu, hein batean behintzat hainbeste urtetako ibilbidea –laster izango dira 50 urte gure sorburua den Zain Dezagun Busturialdea eratu zela–, eta, beraz, gure lana, nolabait gutxietsi baitute. Zain Dezagun Urdaibaik bete-betean eta osorik jarraituko du proposatutako helburua lortzearen bila. Horretarako, premiaz behar da, besteak beste, Erreserban inposatu nahi zaigun turismo mega-proiektua berriz ere geldiaraztea ahalbidetuko digun finantza-laguntza. Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta Euskal Herriari berari, beharbada, inoiz egindako erasorik larrienaren aurrean gaude. Asteak dira sare sozialen bidez dirua biltzen ari garela auzitegietara jotzeko hasi dugun bidean jarraitzeko, duela urte batzuetatik gurekin dagoen talde berarekin jo ere.

Badakigu, ondo jakin ere, legeak gure alde daudela. Badakigu, era berean, honek guztiak luze joko duena, eta behin irin juridikoan sartuta, inoiz baino gari gehiago beharko dugula gure eguneroko ogitarako. Busturialdearen eta, bereziki, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren defentsan daroagun 40 urtetik gorako ibilbidea da gure bermea.

Doroteo Zobaran Kaltzada, Zain Dezagun Urdaibaiko (ZDU) presidentea