Nahiz garapena izan
biena batean,
“gizonen” historia
urteen katean
eskolan erakusten
duten bitartean
emeona galdu da
lapiko artean.
II
Nahiz ta irudietan
agertu bestela,
nahiz ta liburuek ez
azaldu horrela,
apustu egingo nuke
baneki bezela,
sua emakume batek
asmatu zuela.
III
Ta medikuntzarenak
nolako doktrinak…
belarretan aditu,
haurren emaginak,
hara katedratiko,
brilante haundinak:
amorrazioz erre
zituzten sorginak.
IV
Oihal zati batekin
amantala di-da…
gaur barrena hartzea
ere zailegi da…
emakumeen lanak
zirenei begira,
egiten ahazteraino
gutxietsi dira.
V
Egia gordetzeak
gezurretik badu,
historia idatzi
dezagun ondradu,
emakume izenak
goratu, zabaldu,
egindako bidea
ez dadila galdu.
VI
Historiak berekin
du mila tapaki,
baina ahalduntzen goaz,
ez gaude lotsati,
zer garen, zer nahi dugun
guk geuk erabaki,
eta ez gaitzatela
kanpotik eraiki.